ERMUA. Astelehenetik aurrera nahitaezko zerbitzu eta produktuak saltzen dituzten enpresak baino ezin izango dira zabalik egon, gobernuak larrialdi egoeraren neurriak areagotu eta indartu baititu, koronabirusa ahalik eta arinen gainditzeko helburuarekin. Horregatik, Ermuko Udaleko Larrialdietarako Mahaia batu egin da ezohiko bilera batean, herritarrek inolako faltarik izan ez ditzaten.

Mahai horrek beharrizan ezberdinak ebaluatu ditu, Eusko Jaurlaritzako Larrialdi Zerbitzuaren jakinarazpen bat jaso ostean, non gaurko igande gauean eta astelehen goizean, elurra bezalako fenomeno meteorologiko izatea posible dugula ohartematen zen.

Alkateak ohar bat kaleratu du, eta horretan honakoa dio: "horrekin helburu bikoitza betetzen dugu. Alde batetik, isolamendu-egoera honetan funtsezko zerbitzuak ematen jarraitu behar duten pertsona guztiei aukera ematea. Eta, bestetik, herritarrek zerbitzu horiek ahalik eta modurik egokienean jaso ahal izan dezatela bermatzea ". Gutun horretan, "oinarrizko zerbitzuak ematen ari diren pertsona guztiei" babesa eta errekonozimendua helarazten die, "egiten ari diren lanagatik eskerrak emanez”.

Idazkiaren amaieran, beste behin ermuar guztion erantzukizunari dei egiten zaigu, “estatuan Alarma egoera deklaratzen zuen 14ko 463/2020 Errege Dekretuan adostutako segurtasun-neurriak betetzen jarrai ditzagun. Eguraldi txarrak oraindik gauzak apur bat zailago jarriko dizkigun arren, ez etsi, animoa eta pazientzia. Elkarrekin aterako gara aurrera” erantsiz bukatzen da idatzia.