ERMUA. Astelehenean, martxoaren 9an, irekiko da Ermua Hiria XXVI. Literatur Lehiaketan parte hartzeko izena emateko epea. Ermuko Udal Kultura Zinegotzigoak antolatutako lehiaketa da.

Lehiaketa ospetsu honek aurten bere hogeita seigarren edizio beteteko du, iaz mende laurden borobila bete eta gero.

Lehiaketak lurralde osoa hartzen du barne, hortaz, nazio esparruan bizi den eta 16 urtetik gora dituen (2004an edo lehenago jaioa) edozein pertsonak parte hartu dezake lehiaketan.

Oinarri orokorren xehetasunak

Deialdiak lau modalitate hartzen ditu barne eta saria 400€takoa izango da bakoitzean. Modalitate zehatzak ndorengo hauek:

  • Narratiba gaztelaniaz
  • Narratiba euskaraz
  • Olerkia gaztelaniaz
  • Olerkia euskaraz

Parte-hartzaile bakoitzak modalitate bakoitzean obra bakar bat aurkeztu ahalko du. Lan originalak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketaren batean saritu gabeak soilik onartuko dira. Aurten, narrazio ataletan landu beharreko gaia bidaien inguruko idazlanak denez, bidairen bat ardatz izan behrko da; olerkien alorrean, aldiz, gaia eta metrika libreak izango dira. Lanen luzerari dagokienez, narrazioak gehienez ere 10 foliokoak (DIN A4) izango dira, eta olerkiak, 100 bertsorainokoak.

Testu bakoitzak bere titulua eramango du, eta lema edo goitizen batekin sinatuko dira, beste inongo daturik gabe, egilearen anonimotasuna babesteko. Datu pertsonalak (izen-abizenak, NAN zenbakia eta harremanetarako telefonoa) gutunazal itxi edo erantsitako beste artxibo batean zehaztuko dira.

Honela entregatu ahalko dira lanak:

  • Aurrez aurre Ermuko Udal liburutegian, lanaren kopia batekin eta datu pertsonalak biltzen dituen gutunazal itxi batekin.
  • Posta arruntez Ermuko Udal liburutegira bidalita (Goienkale z/g, 48260 Ermua, Bizkaia) lanaren kopia batekin eta datu pertsonalak biltzen dituen gutunazal itxi batekin.
  • Posta elektroniko bidez biblioteca@udalermua.net helbidera hiru artxibo bidalita: bi PDF formatuan lanarekin eta datu pertsonalekin, eta beste bat lana Word edo editagarria den beste formatu batean.

Lanak baloratzerakoan, epaimahaiak kontuan hartuko ditu originaltasuna, hizkuntza aberastasuna, akats ortografikorik ez izatea eta argumentuen koherentzia, besteak beste.

Kategoria bakoitzeko lanik onenak 400 euroko saria jasoko du.

Lanak maiatzaren 4eko, astelehena, 23:00ak arte aurkeztu daitezke. Epaimahaiaren erabakia ekainaren 29an, astelehenean, 13:00etan ezagutaraziko da udal webgunean.