AMOREBIETA-ETXANO. Otsailaren 21etik 25era Amorebieta-Etxanon ospatuko diren inauterietan familia osoarentzako jarduera ugari egongo dira, hala nola mozorro lehiaketak, umeentzako ikuskizunak, musika, kalejirak, antzerkia, eta abar. Baina, dudarik gabe, jaitxo hauen protagonista nagusia Perubele izango da.

Ostiralean, hilaren 21ean, Perubele izango da protagonista, Amorebieta-Etxanora etorriko baita berriro Inauterietara. Arratsaldeko 19:00etan etorriko da Zelaieta parkera jaiei hasiera emateko. Herritarrek Zornotzako inauterietako protagonistari ongietorria eman ahal izango diote, eta Zaratamba batukadarekin eta Udazken taldeko dultzaineroekin kalejira bat egingo da.

Gainera 19:30etik aurrera Zelaieta parkeko karpan sagardoa eta txorizoa jateko aukera egongo da, indarrak hartu eta Altxa Porruren eskutik 20:00etan hasiko den erromerian parte hartzeko.

Egun berdinean Pirritx, Porrotx eta Marimotots egongo dira Zornotza Aretoan. Emanaldi bi emango dituzte eta bietarako sarrerak agortuta daude. Lehenengo emanaldia 17:15ean izango da eta bigarrena 19:15ean.

Larunbatean, hilaren 22an, Udabarri taldeak kaleak girotuko ditu inauterietako dantzekin eguerdiko 13:00etatik aurrera.

Arratsaldean Zelaieta parkean Zirkun Zirko umeentzako ikuskizuna egongo da 17:00etan eta Zornotza Aretoan Gorakada taldearen Pinocchio antzezlana ikusi ahal izango da 18:00etan. Ordubete beranduago, Zelaieta parkeko kioskoan, Zornotzako Musika Bandaren kalejira hasiko da. Han hasi eta Gernika eta Andra Mari plazetatik igaroko da.

Eta egunari amaiera emateko dantzaldia: Txurru DJa egongo da Zelaieta parkean 20:00etatik aurrera eta 21:00etatik aurrera Sambalu Aye batukadak Luis Urrengoetxea kalean joko du.

Gainera, egun guztian zehar mozorro lehiaketa egongo da. Luis Urrengoetxea kaleko ostalariek antolatu dute eta mozorroak komikietako pertsonaietan oinarrituta egon beharko dira.

Igandean, hilaren 23an, 17:00etatik aurrera Zirika Zirkus ikuskizuna ikusi ahal izango da Zelaieta parkean.

Eta astelehenean, giroa Zelaieta Zentroan egongo da. Han 14 urtetik gorako gaztetxoek Inauterietako diskoteka light berezia izango dute, Markelin DJaren eskutik.

Inauterietako asteartean Zelaieta parkean Antzar Rockeroak taldeak umeentzat ikuskizun bat emango du 17:30ean. Ondoren, 18:30ean, bertan dauden guztiei txokolatea banatuko zaie.

Azkenik, Amorebieta-Etxanok Perubeleri agur esango dio. Horrela, 19:00etatik aurrera Zelaieta parkean kalejirari hasiera emango zaio Udazken taldeko dultzaineroekin. Kalejiraren ostean, Perubelek agur esango du su eta argi artean.

Jai egunei amaiera emateko, Pako DJak musika jarriko du Zelaieta parkean 19:30etik aurrera.