ERMUA. Otsailaren 20tik 25era ospatuko dira Ermuko Inauteriak, eta iaz izandako arrakasta kontuan izanda, aurten mozorrotutako koadrilen lehiaketa eta desfilea antolatuko ditu berriro. Horietan parte hartu nahi dutenek otsailaren 10era arte inskribatu ahal izango dira. Bigarren edizio honetan sari bakarra egongo da: herriko jatetxe batean bazkari bat guztientzat eta Ermua Antzokiko programazioko ikuskizun batera joateko sarrera bana.

Desfile eta lehiaketa Inauteri egunetako larunbatean egingo da, otsailaren 22an hain zuzen ere. Ohiko inauteri egitaraua berrikuntzekin etorriko da aurtengoan, eta mozorrotutako kuadrillen kalejira-lehiaketa ospatuko dugu lehenengo aldiz.

Desfilea otsailaren 22ko larunbatean egingo da, eguerdiko 12:30etik aurrera, eta edozein adinetako 10 pertsona edo gehiagok osatutako taldeek parte hartu ahalko dute horretan. Mozorrotzeko gaia erabat librea da,baina taldekide guztien mozorroek gai berdinarekin lotura zuzena izan beharko dute.

Kalejira Zubiaurre kaleko 24 zenbakitik abiatuko da, eta Probaleku, Baldespina Markesa eta Erdikokale kaleetatik igaroko da Orbe Kardinala plazan amaitu aurretik.

Kalejira-lehiaketa honetan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da otsailaren 10a baino lehen izena ematea Lobiano Kultur Gunean, kultura@udalermua.net helbide elektronikoan edo, desfilearen egun berean, hasi baino 10 minutu lehenago arte, antolatzaileek Orbe Kardinala plazan jarriko duten mahaian. Edozein modura ere, koadrilaren izena, mozorroaren gaia eta partaide kopurua adierazi beharko dira, eta taldeko arduradun batek kalejirako zenbakia jasotzera gerturatu beharko du mahaira. Zenbaki horrek identifikatuko du taldea eta bere lekua ibilbidean zehar.

Desfilearen ostean, epaimahaikideek taldearen gaia eta kideen mozorroak baloratuko dituzte, baita kalejiran zehar duten animazioa (abestiak, instrumentuak, dantzak, etab.) eta tresna, tramankulu eta karrozen erabilera ere. Erabakia 20:00etan jakinaraziko da Orbe Kardinala plazan, haurren mozorro lehiaketaren ostean.

Informazio gehiago behar izanez gero, Lobiano Kultur Gunera jo daiteke astelehenetik ostiralera edo 943 70 87 00 telefono zenbakira deitu.