ERMUA. Hasi berri den 2020. urtean, Ermuk zinema sustatzen jarraitzen du. Hori dela eta, asteburu honetarako programazioa aurkeztu du. Programazioa bihar, osteguna, hasiko da, arratsaldeko 20:30ean, Goya sarietan Iberoamerikako film onenaren atalean izendatutako 'Araña' film txiletarrarekin.

Zine komertzialaren programazioa larunbatean 19:30ean hasiko da El oficial y el espía filmaren lehenengo emisioarekin. Roman Polanski zuzendariaren azken lanak Jean Dujardin, Louis Garrel eta Emmanuelle Seigner aktoreak ditu protagonista. 1894an, Alfred Dreyfus kapitan frantsesa, judutar ofizial gaztea, traizioagatik akusatuko dute Alemaniarentzat espiatzeagatik, eta Deabruaren uhartean, Guyana Frantsesean, biziarteko kartzela-zigorra ezarriko diote. Umiliazio hori posible egingo dutenen artean dago Georges Picquart koronela, espia atzematea lortu duen kontrainteligentzia unitateko burua. Baina geroago ere alemaniarrei sekretu militarrak iristen zaizkiela ohartzen denean, gezurrez eta ustelkeriaz jositako labirinto batean barneratuko da, bere ohorea eta bizitza arriskuan jarriz. El oficial y el espia igandean 22:00etan eta astelehenean 20:30ean ere eskainiko da.

Asteburuko bigarren film komertziala Mujercitas izango da, Louisa May Alcott idazlearen klasikoaren bertsio berriena, Greta Gerwigek zuzendua. Saoirse Ronan, Emma Watson, Timothée Chalamet, Laura Dern, Meryl Streep eta Florence Pugh aktoreak dira protagonista drama historiko honetan. Amy, Jo, Beth eta Meg lau ahizpa nerabeak oporretara joango dira amarekin, euren aita ebangelista ibiltaria gabe. Gerra Zibilean sartuta dagoen Massachusetts estatua zeharkatu ahala, maitasunak eta familiaren arteko loturek duten garrantziaz ohartuko dira neskatoak. Mujercitas larunbatean 22:00etan eta igandean 19:30ean izango da ikusgai.

Haurrentzako saioari dagokionez, igandean 17:00etatik aurrera emitituko da Jumanji: siguiente nivel. Dwayne Johnson, Karen Gillan, Jack Black eta Kevin Hart dira protagonista reboot ezagun honen bigarren atalean. Oraingo honetan, 'jokalariak' jokora itzuliko dira, baina euren pertsonaiak elkarren artean trukatuko dira, eta horrek egoera bitxia sortuko du: itxura ezberdina duten heroi berak. Baina, non dago gainerako jendea? Parte-hartzaileek aukera bakarra izango dute: beste behin partida arriskutsu honetara jolastea, gertatzen ari dena benetan zer den jakiteko.