Amorebieta-Etxano - Amorebieta-Etxanoko Udalak hasi ditu San Migelgo antzinako eskolak eraberritzeko lanak. Lan hauekin instalazioa Eraikuntzaren Kode Teknikoaren (EKT) eskakizun berrietara egokituko da. Gainera, eraberritze lanei esker eraikinaren eraginkortasun energetikoa handitu ahal izango da.

Proiektuaren arabera, egurrezko teilatu berri bat eraikiko da eta teila gorria jarriko zaio, egungo itxurari eutsiz. Era berean, eraikinaren leiho eta ate guztiak kendu eta PVCzko berriak jarriko dira. Zorua eta hormak ere zaharberrituko dira, bai kanpokoak eta baita barrukoak ere.

Gainera, eraikinak energia berriztagarriak erabiliz girotze termikorako sistema berri bat izango du. Honek instalazioen errendimendua gehitzeko aukera emango du. Ekipamenduari dagokionez, komun egokitu bat jarriko da, atondo bat konketa batekin eta biltegian harraska bat ere jarriko da.

Lanak 2020eko urtarrilerako amaituta egongo direla aurreikusten da. Udalak 162.000 euroko inbertsio bat egitea aurreikusten du. Proiektu hau pasadan aurtean udalak aurrekontu parte hartzaileetan jasotako bat zen. Zornotzako Udalak 400.000 euro baino gehiago bideratu zituen eta guztira zornotzarrek 173 proiektuetatik sei aukeratu zituzten. Eskola hauen lanak aurrekontuaren zatirik haundiena eramango du. San Miguel de Dudeako auzokideek aintzinako eskolak izan zirenak ostera ere berreskuratzea nahi dute eta momentu honetan hutsik dagoen azpiegitura hau, auzoko zentro zibiko bihurtu nahi dute. “Gure idea leku hau goitik gora eraberritzea da, kanpotik eta barrutik, auzokideek urteko 365 egunetan erabili ahal izateko”, azpimarratu du Zornotzako alkatea den, Andoni Agirrebeitiak. - A. Salterain