Bilboko Udalak Begoñako hilerrira bisita gidatuak itzuliko direla iragarri du, larunbat honetan, Aranzadi Zientzia Elkarteak Begoñako Argia 'proiektuaren baitan. Zehazki, ekainean astean bi bisita gidatu izango dira, bata euskaraz eta bestea gaztelaniaz, eta uztailean lau bisita programatuko dira. Jakinarazi dutenez, hitzorduek ordubeteko iraupena izango dute, eta aldez aurretik izena eman behar da.

Gaurtik aurrera, interesa duten pertsonek ibilbideetan parte hartzeko izena eman dezakete. Horretarako, 689 268 140 telefonora deitu behar da, 10:00etatik 13:00etara. Telefonoz deitu ahala erreserbatuko dira plazak.

Bisiten egutegia ekainerako eta uztailerako ezarri da.

Ekainean, astean bisita bi antolatuko dira: bat gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Elkarren segidan egingo dira eta ordubete iraungo du bakoitzak. Hauxe izango da egutegia: hilaren 4an eta 11n (larunbatak) -euskarazkoak 10:00etan eta gaztelaniazkoak 11:00etan-, 17an eta 24an (ostiralak) -euskarazkoak 16:00etan eta gaztelaniazkoak 17:00etan-, eta 28an (asteartea) -euskarazkoa 11:00etan eta gaztelaniazkoa 12:00etan-.

Uztailean eskaintza zabalagoa egongo da. Astean lau bisitaldi egingo dira, 5, 12, 19 eta 26an (astearteak) -11:00etan euskarazkoak eta 12:00etan gaztelaniazkoak- eta 8, 15, 22 eta 29an (ostiralak) -16:00etan euskarazkoak eta 17:00etan gaztelaniazkoak-.

Taldeak hamabost lagunekoak izango dira. Bisitarako topaketa-lekua hilerriaren sarrera izango da, Begoñako Andra Maria kalean. Bertan atondu da erakusketa-gunea. Leku horretan egingo da proiektuaren eta ibilbidearen aurkezpena.

Gainera, oraintsu egin diren indusketa-lanen berri emango da: beraiei esker, 3.000 lagun baino gehiagoren gorpuzkiak aurkitu dira. Indusketa urrian hasi zen eta, besteak beste, lau hilobi komun aurkitu dira; horietako bat Euskadin oraingoz aurkitu den Gerra Zibilaren garaiko hilobi handiena da, eta beste bat karlistaden garaikoa.