Ostiral eta larunbat honetan "psikologia Kalean" ekimenak Areatza hartuko du hiru karparekin: psikologia herritarrei hurbiltzea. Antolatzaileek azaldu dutenez, sarrera doakoa da edonork parte har dezan Bizkaiko Psikologia Elkargoak antolatutako hitzaldi eta tailerretan.

Inaugurazioan (ostiralean, hilak 27) hainbat pertsona garrantzitsu egongo dira, horien artea Begoña Rueda Elkargoko dekanoa, Francisco Santolaya Espainiako Psikologia Kontseilu Nagusiko presidentea, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintza diputatua, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika sailburua, Gotzone Sagarduy Osasun sailburua eta Juan Maria Aburto Bilboko alkatea.

Bilboko Areatzan, bi egunez, psikologiari buruzko 20 hitzaldi eta tailer baino gehiago egingo dira, lanbideari buruzko hainbat alderdi modu hurbilean eta zuzenean ezagutzera emateko, adinkeria enpresan, kirolaren psikologia, psikologia hezkuntzan, neuroplastikotasuna, larrialdietako psikologia, mindfulness-a, sexualitatea, adimen-desgaitasuna edo zahartze aktiboa, besteak beste.

Larunbateko jardunaldian, suizidioari buruzko hitzaldia nabarmendu daiteke, eta berehalako suizidio-saiakera egoera baten aurrean gaudenean hartu beharreko jarraibideak azalduko dira. Horrez gain, nerabeei zuzendutako hitzaldi-tailerrak azpimarratu behar dira. Bertan, besteak beste, gai hauek jorratuko dira: sare sozialekiko eta bideojokoekiko mendekotasuna eta Sare sozialetan osasun mentalari buruzko dibulgazioa zorroztasunez, konpromisoz eta modu dibertigarrian egitea.

Begoña Rueda Bizkaiko Psikologia Elkargoko dekanoak azpimarratu duenez, funtsezkoa da azpimarratzea bizitzaren esparru guztietan osasun mentala eta emozionala zaintzea oso garrantzitsua dela, eta "gure profesionalak pertsonen ongizatearen parte garrantzitsua bilakatu direla, ez soilik osasun-arloan, baita hezkuntza-, enpresa-, kirol-, justizia- eta gizarte-arloetan ere."

Izen handiko 40 hizlari baino gehiago

"Psikologia Kalean" ekimenak 40 hizlari baino gehiago izango ditu bi egunetan. Hizlariek hainbat gai jorratuko dituzte eta mahai-inguru ugari ere egingo dira, bertaratutakoen zalantzak argitzeko. Horien artean egongo dira Nerea Pérez Uria, Bizkaiko Psikologia Elkargoko dekanordea, Sandra Ranea, Ertzaintzako komisarioa eta suizidioaren prebentzioari buruzko lantaldeko arduraduna, Javi González Athleticeko jokalari ohia eta hainbat profesional, hala nola Irati Garzón, Aitor Fontanés, Ricardo Bravo, Pilar Castro, Cristina Blanco, Bittor Arnaiz eta Esther Álvarez.