Aranzadi Zientzia Elkarteak kudeatzen duen 'Begoñako Argia' proiektuak 570.000 euro izango ditu, Bilboko Udalak ostegun honetan Osoko Bilkura handitu duen diru-laguntza handitzeari esker. Hasiera batean, diru-laguntza 325.000 eurokoa zen, baina handitu egin behar izan da Begoñako hilerrian lurpetik ateratzeko proiektua burutzeko.

Horrenbestez, proiektuaren mugarri bat ezartzen da, lehen fasea amaitzen baita, eta bigarrena abiatzen, azkena izango dena. Hori dela eta, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak, Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak eta Anartz Ormaza Aranzadi elkarteko kide eta Begoñako Argia proiektuaren koordinatzaileak balantzea egin dute, eta hurrengo egin beharreko urratsak iragarri.

HASIERAKO AURREIKUSPENAK, AURKIKUNTZAK ETA LANEN KRONOLOGIA

'Begoñako Argia' proiektua hasi zenetik, Aranzadi zientzia elkarteko taldeak eta Begoñako Hilerrian ezarritako praktiken campusean parte hartzen duten ikasleek 2.926 pertsonaren gorpuzkiak atera dituzte lurretik, lursailaren erdia baino gehixeago den eremuan.

Izan ere, hilabete hauetan tokian bertan egin diren lanen gaineko ezagutzan eta esperientzian oinarriturik, Aranzadi Zientzia Elkarteak uste du oraindik ere lurpetik ateratzeko daudela 2.100 pertsonaren gorpuzkiak edo hezur-hondakinak, gutxi gorabehera. Hori pentsaezina zen, kontuan hartuta aurretik geneukan informazioa, zeina hilerriko erregistroan oinarritzen baitzen, eta, halaber, hainbat urte dela egindako gorpuzkien leku-aldatzeak, zeintzuk jakinaren gainean eta dokumentatuta egin baitziren. Izan ere, hasierako aurreikuspena zen 1.000 inguru izango zirela lurretik atera beharreko pertsonen gorpuzkiak.

Lanak joan den urrian hasi ziren, San Juan eremuan. Han, hilerriko erregistroaren arabera, baziren bai umeen hobiak, bai helduenak.

Lehen mailan induskatu eta aurkitutako gorpuzkiak lurretik atera ostean, beste hobiratze maila bat agertu zen. Eta hori bera gertatu da, eta areago gainera, San Juan inguru guztian; izan ere, gune batean izan edo bestean izan, gorpuzkiak bi, hiru, lau eta are bost hobiratze-mailatan ere agertzen dira. Lehenago egindako hobiratzeak dira, eta ez dago jasota haien berri hilerriko erregistroan, eta, beraz, ez zeuden aurreikusita hasierako kalkuluetan.

Lurpetik atera beharreko hezur hondarren kopurua hain ustekabean gehituta ere, sakonera desberdinetan induskatu behar izanak (puntu batzuetan 2,4 metro baino barrenago) ere zailago bihurtu du induskatzearen logistika, lurren mugimenduak ere areagoturik, eta ezinezko bihurturik induskatzeak ondoko guneetara mailakatzea...eta, hala, lanen erritmoa geldiagoturik.

Halaber eragiten dio zuzenean lan-erritmoari azaroan euria atergabe egin izanak, aire zabalean egiten den induskatzea izanik.

Hala ere, 2021eko abenduaren 31n, guztira 1.040 hezur hondar atera ziren lurpetik.

Otsailean eta maiatzean, Santa Teresa deritzon inguruan, lau hobi komun agertu ziren gorpuzkiak lurpetik ateratzeko ohiko lanetan:

  • Hobi komun bat karlistaden garaikoa (1836), Bizkaian gaur arte aurkitutako bigarren hobi karlista.
  • Hobi komun bat, seguruenik izurrite baten ondoriozkoa, XIX. mendearen amaierakoa.
  • Hobi komun bat Gerra Zibilekoa (1937), Euskadin inoiz aurkitu den handiena, 46 pertsona zeuzkana hobiratuta, gehienak gudariak eta milizianoak.
  • Beste laugarren hobi komun bat, 60 pertsona baino gehiagokoa, seguruenik XIX. mendearen hasierakoa. Ikertzen ari dira materiala, nondik norakoak jakitearren, baina seguruenik hilerria inauguratu aurrekoa da.

Esan behar da, gainera, ezen, maila teknikoan, hobi komunetan, gorpuzkiak ateratzeko prozeduran metodologia erabatekoagoak behar izaten direla, eta lan gehiago egin behar izaten dela, ezen ez banakako hobietan.

Gainera, Santa Teresako inguruan induskatzeak egiteko prozesuan, hobien pean harresi- eta zimendu-egituren hondarrak aurkitu dira, eta hilerriaren hasierako itxiturei dagozkie (ondoren, hainbat obra eta hedapen egin ziren), eta, orobat, gotortze eraikinen hondakinak izan litezkeenak (oraindik zehazteke).

2022ko maiatzaren 24an, 2.926 pertsonaren hezur-hondarrak atera dira lurpetik.