Hirian ekitaldia larunbat honetan itzuliko da Bilbao BBK Live jaialdiaren atariko, 23 artistaren emanaldiarekin. Zehazki, emanaldiak lau agertokitan banatuko dira 12: 45etik 23: 00etara Santutxu auzoko Karmelo kalean. Antolatzaileek asfaltozko festa gisa definitu dute ekitaldia, abangoardiako musika programazio eklektikoa eta gustu guztietara irekia duena.

Karmelo kalea izango da ardatz, eta adin guztietako eta Bilboko beste auzo batzuetako ikus-entzuleen topagune.

KARMELO AGERTOKIA

Karmelo agertokia Karmelo plazan egongo da, eta bertan arituko dira The Limboos eta beren r&b latinoa, eta horien atzetik Amaia Tirapuren Kokoshca taldea eta beren abesti zorrotzak. Agertoki horretara igoko dira, era berean, ZA! bikoteak La MegaCobla eta Tarta Relena musikariekin batera sortutako ZA & La TransMegaCobla proiektu berria; Potato Punky Party Reggae taldea; Estatuko rock erreferente diren Sex Museum eta Biovac buru duen Aviador Dro.

COCHERITO AGERTOKIA

Soy maricón abestiaren egilea, Z belaunaldiko ahots disidenteena, performerra eta queer abeslaria den Samantha Hudsonek emango dio hasiera ikuskizunari Concherito agertokian, ukitu antifaxistak, erlijiosoak eta biziki ironikoak dituen Liquidación Total show berriarekin; horren ondoren, punkaren historikoak diren Borrokan, Çantamartaren neo soul, hip hop eta house fusioa, Samuraï ren pop itsaskor eta generazionala, Yung Prado eta David Burgués-en La Élite proiektua, eta Estatuko trap-aren aitzindari eta erreferente den Albany. Agertoki hori Cocherito plazan egongo da.

ZUMALAKARREGI AGERTOKIA

Zumalakarregi agertokia Haro plazaren atzeko aldean egongo da, Zumalakarregi etorbidearen ondoan, eta talentu berri eta urbanoena bilduko da bertan; esate baterako, Mutiko, Tattaa eta Denso raperoak, Euskoprincess Lehendakaria, Maria Escarmientoren amodiozko letra perreagarriak, L'Haine eta rap eta r&b estiloetatik eratorritako bere trap-a, HOFE x 4:40 proiektuaren bi milako hamarkadako soinuak, MDAren trap eta hyperpop doinuak eta moldakortasuna, eta, bukatzeko, Granadako Plasaporros kolektiboa, musika eta festa uztartuta.

BASOA IN THE CITY - ARSUAGA

Doinu elektronikoen txanda Arsuaga - Basoa in the city agertokian izango da; agertoki hori "zona" esaten zaion gune ezagunean egongo da, eta bertan arituko dira Tronis herriko ikonoa, Yung Prado dj eta ekoizlea, Chica Gang kolektibo madrildarreko Rocío, eta GAZZI, generoaren irakurketa subertsiboenaren erakusgarri.

Hirian ekimenaren bitartez talentua indartu eta publiko guztiengana hurbildu nahi dugu, betiko taldeekin batera unean uneko proposamen ezagunenak ere eskainita. Sarrera doan izango da, Bilboko Udalaren eta Cervezas San Miguel etxearen babesari esker. Ekitaldira hurbiltzen direnek Bilbao BBK Live jaialdirako sarrerak prezio berezian erosteko aukera izango dute, soilik maiatzaren 28an, larunbatean, Santutxun.