Bilbotarrek denbora errealean ezagutu ahal izango dituzte ekainaren 1etik aurrera Bilbon instalatutako sonometroen neurketak. Zehazki, Bilboko Udalak iragarri du informazio hori Geobilbao plataforma digitalaren bidez argitaratuko dela (www.geobilbao.eus), eta laster beste 24 sentsore gehituko direla, Abandoko eremua estaliko dutenak.

Plataforma, berez, Bilboren mapa bat da, eta, beraren bidez, jakin daiteke zehazki non dauden gaur den egunean uri osoan zehar ipinita dauden neurgailuak (udal teknikarien taldeak lekurik adierazgarrienak hautatu zituen haiek jartzeko), eta zer egoeratan dauden ere bai (lanean edo mantentze-lanetan)

Herritarrek aukera dute klik egiteko sonometroak non dauden adierazten duten ikurretako bakoitzean, eta, hala, sentsoreek azken ordu laurdenean zenbat dezibelio neurtu dituzten jakiteko, bai eta leku bakoitzeko urteko batez bestekoa, egunka eta orduka, grafiko banatan antolatuta.

BILBOREN SOINUEN INGURUKO ESTRATEGIA

Bestalde, 37 sonometro horiez gain, Udalak baditu gailu gehiago ere, ekitaldietan neurketa puntualak egiteko eta lanean ari diren sonometroen ordezko moduan.

Gaur den egunean, Udalak beste 24 neurgailu akustiko ipini nahi ditu, Abandoko inguruan. Gailu gehiago jartzeko arrazoia da hala erabaki zela parte hartze bidezko aurrekontuetan, hau da, aurrekontuaren zati bat zertan baliatu erabaki ahal izateko Bilboko herritarrei eskaintzen zaien prozesuan.

Neurgailu akustikoak gailu teknologiko oso sentikorrak dira, eta mantentze-lan oso zorrotzak behar dituzte behar den bezala kalibratuko badira. Nolanahi ere, jendaurrean ematen diren datuak egiaztatu egin behar dira balio ofiziala izango badute, gerta daiteke-eta haiek ez behar den moduan ibiltzea datuak erregistratzeko orduan, dela eguraldiaren aldaketengatik (haizea, euria...), dela informazioa igortzeko zailtasunengatik edo are kalte fisikoengatik ere.

Sonometroak urian banatzeko modua, Soinuaren inguruko Estrategiari jarraituz dago antolatuta, zeina Udalak onetsi baitzuen; bi helburu nagusi ditu antolaera horrek: trafikoaren eta aisialdiko jardueren eragina neurtzea uriko ingurumen-soinuan.

Lehenengo egitekorako, nahikoa da galtzada batzuk neurtzea, haien tipologiaren eta zirkulazio-mailaren arabera. Hori dela eta, sonometroak barreiatuago daude.

Aisialdiko zaratari dagokionez, zarata hori uriko leku jakin batzuetan pilatzen da, batez ere arratsalde-ilunkera aldera zaratarik handiena sortzen den lekuetan, eta, beraz, sonometro gehiago daude leku horietan, zaratak leku horietan nola eragiten duen zaintzeko. Iraupen luzeagoko datu-serieak izanez gero eta patroia estrapolatu ahal izanez gero, aukera izango da ekipo gutxiago erabili ahal izateko.

Bi gertaera horiek dira, zirkulazioa eta aisialdiko jarduerak, OMEren eta aditu guztien arabera, eragin handiena dutenak hiri inguruneetako kalitate akustikoan.

Bilboren Soinu Estrategia 2018-2023 Ekintza Planean oinarrituta garatu da, zeina Udalak onetsi baitzuen, eta beste ekintza batzuk ere biltzen ditu, hala nola Uriko Zarataren Mapa egiteko lana; hain zuzen, mapa hori eguneratzen ari gara oraintxe.