Pasa berri den asteburu honetan, Bidaideak Bilbao BSR saskibaloi taldeak historia egin zuen, lehendabiziz gurpil-aulkiarekiko saskibaloiko Kopa irabazi ondoren. Bada, gaur goizean, maiatzak 15, Bilboko Udalak, Bilboko alkate Juan Mari Aburto buru, erabat merezitako harrera egin dio Bilboko uriaren izena goi-goian jarri duen talde honi.

Harrera Udaletxeko Arabiar Aretoan izan da, gaur goizean, eta, esan bezala, Bilboko alkate Juan Mari Aburto izan du buru, Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol Saileko zinegotziak eta udal korporazioko beste kide batzuek lagunduta.

Aburto alkateak gogorarazi du ezen, 2019an, Udalak harrera egin ziola Bilboko taldeari, Europako txapeldun gertatu ostean; iaz, 2021ean, berriz ere ligako txapeldun gertaturik, eta, aurten, kopako tituluagatik; "horrela, garaipenez garaipen, tituluz titulu, pozez poz. Bidaideak Bilbao BSR erreferente bihurtu da gurpil-aulkiarekiko saskibaloian, ez Estatuan bakarrik, baita nazioartean ere. Arrakasta horiek zuen jokoari esker heldu dira, zuen saskiratze eta hirukoei esker, ahalegin, konpromiso eta talde-lan handiaren emaitza dira-eta", adierazi du Bilboko alkateak.

Kopako lehiaketa honen azken fasea maiatzaren 20an (barikua) eta 22an (domeka) jokatu zen, Vélez-Málaga herrian eta Malaga hirian, eta ohorezko ligako 8 talderik onenek jokatu zuten, lehen itzuliaren ondotik. Finala Malagako Carranque Javier Imbroda pabiloian jokatu zen, eta bilbotarrek Econy Gran Canaria taldearen kontra jokatu zuten, eta 72 eta 67 irabazi.