Astero bezala, Bilboko Udaltzaingoak gidarien segurtasuna bermatzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan astelehen honetan, maiatzak 23. Kanpaina hilaren 29ra arte egongo da aktibatuta, eta gidatu bitartean mugikorra eta beste gailu elektronikoak erabiltzen diren zaintzeko erabiliko da.

Ekimena Euskadiko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Plan Estrategikoaren barruan dator, eta xedetzat du bide segurtasunerako arriskua dakarten jokabideak zuzentzea.

Adibidez, gauza ziurra da pertsona bat mugikorretik berba egiten badabil gidatu bitartean, ez dela ohartzen trafiko seinale eta adierazpenen % 40az, eta haren batez besteko abiadura gutxitu egiten dela % 12, eta edozein ustekaberen aurrean erreakzionatzeko ahala ere urritu egiten dela.

Nolanahi ere, telefonoz hitz egitea ez ezik, nork deitzen duen begiratzea, mezuak irakurtzea eta bidaltzea eta aplikazioak erabiltzea ere arriskutsua da. Azken batean, mugikorra erabiltzea -eskaintzen dituen aukera guztietako edozein- ez da bateragarria gidatzeko nahitaezko arreta iraunkorrarekin.

Arrisku-egoera bera gertatzen da soinua hartzeko edo erreproduzitzeko aparatuetara konektatutako entzungailuak erabiltzen direnean. Eta hori guztia bizikletak edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak (patinete elektrikoak, esaterako) gidatzen dituzten pertsonei ere aplikatzen zaie.

Iaz, antzeko kanpainetan, Bilboko Udaltzaingoak 10.244 ibilgailu kontrolatu zituen eta 162 pertsona zigortu zituen (138 telefono mugikorra erabiltzeagatik eta 24 atzemandako beste arau-hauste batzuengatik).

ARAUDIAREN ALDAKETA

Trafiko-istripuak ikertuz, gidatzean arreta galtzea oso garrantzitsua dela eta hori telefono mugikorra erabiltzen denean gertatzen dela zehaztu da. Hori da, hain zuzen ere, bide-segurtasunaren arloko jokabide gaitzesgarrienetako bat.

Hori dela eta, 2022ko martxoaren 21etik aurrera, gidabaimenean puntu gehiago kenduko dira telefono mugikorra erabiltzen denean (gailua eskuarekin helduz), 6 puntu, hain zuzen ere.

Kaskoa erabiltzea derrigorrezkoa den ibilgailuetan, arau berriaren arabera, telefono mugikorra kaskoaren eta gidariaren buruaren artean doituta erabiltzen bada, 3 puntu kenduko dira.