Datorren denboraldiko (2022/2023) ikastaroetan parte hartzeko interesa duten Bilbao Kirolaken abonatuek aldez aurreko hitzorduaren sistema estreinatu ahal izango dute.

Bihar (maiatzak 18, eguaztena) 9:00etan hasita eta irailaren 7ra arte, abonatuek aukera izango dute zozketan parte hartzeko zenbakia eskatzeko, kirol-ikastaroetarako izena emateko hurrenkera ezarriko duena.

Sistema aurreko aldietako bera da, eta, beraz, pertsona abonatu bakoitzak zenbaki bat eskatu ahal izango du Bilbao Kirolak-en kiroldegietako bakoitzerako. Eskabideak telematikoki egin ahalko dira, Bilbao Kirolak-en web-orriaren bidez, jardueretarako eta zozketetarako atalean, edo aurrez aurre, udal kiroldegietan.

Irailaren 12an, zozketak egingo dira Bilbao Kirolak-en egoitzan, kiroldegi bakoitzeko bana, eta, egun horretatik aurrera, aldez aurreko hitzorduak adjudikatuko dira, ateratako zenbakiaren araberako hurrenkeran. Emaitzak irailaren 14tik aurrera kontsultatu ahalko dira udal kiroldegietan ezarritako zerrendetan eta Bilbao Kirolaken web-orrialdean.

Irailaren 17tik aurrera, izena emateko epea hasiko da, Bilbao Kirolaken web-orrialde ofizialaren bidez eta kiroldegietan. Abonatu bakoitzak esleitu zaion egunean eta orduan egin ahal izango du izen-ematea.

Aldez aurreko hitzordurik ez duten abonatuek irailaren 24tik aurrera izango dute aukera bete barik geratu diren lekuetarako izena emateko, eta abonatuek ez direnek, berriz, irailaren 26tik aurrera.

Aldez aurreko hitzorduaren bidez, eguna eta ordua gordetzen dira eskainitako ikastaroetan izena eman ahal izateko, baina horrek ez du bermatzen ikastaroetan lekurik izango denik.