Bilboko Udalak Aste Nagusirako kartel lehiaketarako deialdia zabaldu du, abuztuaren 20tik 28ra. Proposamenak online baino ez dira aurkeztuko, eta parte-hartzaileek ekainaren 5eko 23: 59ak arte aurkeztu ahal izango dituzte, udalaren webgunean. Bertan, horri buruzko informazio guztia eta oinarriak ere aurkituko dituzte.

Aste Nagusiaren 42. edizioa abuztuaren 20tik 28ra izango da, eta, lehen urrats gisa, Bilboko Udalak ohiko kartel lehiaketarako deialdia zabaldu du, Aste Nagusia 2022ko irudia hautatzeko. Aurtengoan, gainera, nobedadeak egongo dira: lehenengo aldiz, Bilboko jaiak iragartzeko lanak aurkeztu nahi dituztenek, online egin beharko dute. Sortzaileek ekainaren 5eko 23:59ra arte izango dute beren lanak aurkezteko, udal webgunean. Oinarriak ere bertan daude.

Aurreko edizioetan bezala, oraingoan ere diseinu grafikoaren profesionalek nahiz amateurrek parte hartu ahalko dute, edozein nazionalitatekoak direla ere. Gehienez ere, lan bi aurkeztu ahalko ditu bakoitzak. Lanok argitaragabeak izan beharko dute, eta titulu edo lelo bat eduki beharko dute. Dibertsitatea baloratuko da —alegia, rolak eta estereotipoak saihestea—.

Udalak baldintza gisa ezarri du kartelean honako testu hau agertzea: «ASTE NAGUSIA. BILBAO 2022. ABUZTUAK 20-28 AGOSTO».

HERRITARREK AUKERATUTAKO IRUDIA

Kartelen lehen hautaketa epaimahai batek egingo du. Bederatzi kidek osatuko dute epaimahai hori: diseinu grafikoaren eta komunikazioaren alorreko bost lagun, Udalaren hiru ordezkari, eta Bilboko Konpartsaken ordezkari bat.

Beste urte batzuetan bezala, Epaimahaiak 6 kartel hautatuko ditu, eta, ekainaren 8tik 15era bitartean, herri-bozketa egingo da. Bozketa-sistema mistoa da, errazteko herritarrek Aste Nagusia 2022ko irudia aukeratzeko prozesuan parte hartzea: batetik, herri-bozketa dago (presentziala edo udal webgunearen bidezkoa, komunikabideen laguntzarekin), eta, bestetik, Epaimahaiarena. Epaia ekainaren 20an emango da ezagutzera.