Bilboko Udalak aurtengo Bilbao Balioen Sariak lehiaketaren laugarren edizioko sarituak iragarri ditu. Zehazki, NORAI elkartea, Berrio-Otxoa ikastetxea eta Artxandape ikastola aukeratu dituzte. Sari horien helburua da elkarbizitza hobea lortzen laguntzen duten eta Bilboko Balioen Gutunean jasotako balioetako bat sustatzen duten ekimenak garatzen dituztenen lana eta konpromisoa jendaurrean aitortzea eta balioestea.

Sariak gaur arratsaldean banatu dituzte, udaletxeko Arabiar Aretoan, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak zuzendutako ekitaldian, non Oihane Agirregoitia Herritarren Arretako eta Partaidetzako eta Nazioarteko Gaietako Saileko zinegotzia eta Udalbatzako beste ordezkari batzuk ere egon diren.

Aburto alkateak nabarmendu du proiektuetako bakoitza «desberdina eta bakarra» dela, baina «denek laguntzen» dutela «gizarte bidezkoago eta hobe baterantz aurrera egiten». Gainera, azpimarratu du badagoela zerbait non bat datozen aurtengo saridun guztiek: haur edo gazteak direla beren ekimenen protagonistak. «Pozgarria da ikustea elkarrekin lan egin duzuela, zuen ingurukoen bizimodua hobetzeko», esan du alkateak. «Zintzoki, harro egoteko modukoa da, gizarte osoarentzat hain aberasgarriak diren ekimen hauek haur eta gazteen ekimenez sortu izana», esan die alkateak sarituei.

ARTXANDAPE IKASTOLA

Saritutako ekimen bat Artxandape Ikastolarena da. Bere izenburua da Ohar gaitezen: kontziliazio eta erantzukidetasunerantz, genero-berdintasunetik abiatuta. Horren barruan, ikastetxeko ikasleek zuzendutako Eguzkimoreak talde feministak prestakuntza-saioak eskaini ditu, genero-berdintasunaren alorreko aditu baten eskutik, gizonen eta emakumeen artean dauden berdintasun ezak identifikatu eta ikusarazteko beharrezko gaitasunak garatzeko.

Prestakuntza horrek talde eragile bihurtzen ditu, bai eskuratutako ezagutzak hezkuntzako gainerako eragileei helarazteko, bai gainerako ikasleak informatu eta sentsibilizatzeko.

Epaimahaiak nabarmendu du proiektu horrek genero-berdintasunaren balioarekin duen «konpromiso sendoa».

Sariaren 3.300 euroei esker, proiektuak aurrera egin ahalko du, helburu bera duten ekintza gehiagorekin.

BERRIO-OTXOA IKASTETXEA

Berrio-Otxoa Ikastetxeak gartu du aurtengo beste ekimen sarituetako bat: Bideotutorialak. Batxilergoko 1. mailako ikasleek IKT irakasgaian egindako lana da, non zenbait aplikazio, programa eta plataforma informatiko helburu sozialarekin erabiltzeari buruzko bideotutorialak egin dituzten.

Ekimenaren helburua da arrakala digitala txikitzea, norbanako guztiei lineako prestakuntza eskainiz eta teknologia hurbilduz.

Proiektua bi kolektiborentzako da. Batetik daude gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden, eta Caritasen laguntza sozioedukatiboko proiektuetan parte hartzen duten familiak. Familia horiek eskolarako eta lanerako komunikazio-plataformak ezagutu behar dituzte, seme-alabei eskola-lanekin laguntzeko.

Eta bestetik daude Caritas erakundean kualifikazio baxua duten helduei sustapen soziopertsonaleko ikastaroak ematen dizkieten boluntarioak, gailu digitalak behar dituztenak tailerrak diseinatzeko, aurrera eramateko eta horien jarraipena egiteko.

Sarien Epaimahaiak aintzat hartu du proiektuaren sen pedagogikoa. Ekimena, bestalde, joan den ikasturtean abiatu zen, pandemian zehar, eta gaur egun garrantzi handikoa den arazo baten balizko irtenbideak jorratzen ditu.

Bideotutorialak egiteko proiektua zuzenki lotuta dago, besteak beste, honako balio hauekin: giza eskubideen errespetua, justizia soziala, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna (bideoetan, arreta berezia jarri diote hizkuntzari, inklusiboa izan zedin), konpromisoa eta ilusioa.

Sariaren 3.300 euroak Caritasi emango dizkiote, lanean jarraitu dezaten digitalizazioan eta arrakala digitalak bilbotarrengan duen inpaktua txikitzen.