Aurrera darrai Bilboko Udala herritarren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Oraingo honetan, dagoeneko ezaguna den Darabilbo programaren edizio berri bat jarriko dute martxan martxoan. Edizio honetan 14 proposamen jarriko dira martxan, guztiak erabat doakoak. Ekintza guztiak euren euskara-maila hobetu nahi duten pertsonentzat zein euskaraz mintzatu besterik ez nahi dutenentzat bideratuta daude. Proiektua Bilboko Udalak jarri egin du martxan, Bilboko Euskaltegien Sarearekin elkarlanean.

Datorren hilean hasiko dira jarduerak, martxoaren 10ean, ostegunean, eta martxoaren 31n amaituko dira, ostegunean: arropa egiteko tailerrak, zeramikakoak, gastronomikoak, museoak ikusten joatea edo literatur berbaldiak eskaintzen dira, besteak beste.

Eskaintza horretan, gainera, bada jarduera bat bereziki 4 eta 12 urte bitarteko adingabeak dauzkaten familientzat. Koloretako Ziaboga jarduera martxoaren 23tik 30era bitartean egingo da, Bidarte udaltegian eta Karmelo plazan, eta hiru saio eskainiko ditu egunean: 17:00etan, 18:00etan eta 19:00etan.

Eskaintza osoa eta informazio gehiago Bilboko Udalak martxan jarritako Darabilbo ekimenaren web orrialdean.

'Darabilbo' programa 2013an abiatu zen, eta, harrezkero, askotariko jarduerak sartu ohi dira programan. Jarduerak taldean egiten dira, urteko hilabete guztietan (uztailean eta abuztuan izan ezik) eta barruti guztietan.

Euskarazko doako jarduera horietan parte hartzeko baldintza bakarra da Darabilbo-ren webgune ofizialean izena ematea eta 16 urte beteta izatea (familiako jardueretan izan ezik).