Bilboko Udalak 'Zubirik 2021-2025' plana jarriko du martxan

29.12.2021 | 16:50
Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako herritarren bizi-kalitatea hobetzea da planaren helburua.

Gaur goizean, abenduak 29, 'Zubirik 2021-2025' izeneko udal plana aurkeztu egin du Bilboko Udalak. Plan horren helburua Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako auzoetako bizi-kalitatea hobetzea da, batik bat.

«Zubirik 2021-2025 Udal Planaren helburu nagusia Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako auzoetan bizi direnen bizi-kalitatea hobetzea da. Auzoen gizarte-dinamizazioa du ardatz, hortaz», azaldu du Juan Ibarretxe Gizarte Ekintzako zinegotziak.

Planak malgutasuna du bereizgarri, egokitu egingo baita garatzen den heinean sortzen diren premia eta proposamenetara. Udalak, plana idazteko orduan, auzoetako 10 laguntzaile izan ditu elkarlanean garatu beharreko 36 neurriak diseinatu eta zehazteko. Neurri horiek guztiek Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako auzoetako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea dute xedetzat. Halaber, gutxi gorabehera 450 bizilagunen iritziak eta ekarpenak ere bildu ditu Udalak askotariko jardueren bitartez: iritzi-inkesta, elkarrizketa pertsonalak, eztabaida-taldeak, iradokizun-postontzia eta ahots-mezuak.

Ekintza zehatz horiek –7,3 milioi eurokoak– datozen lau ekitaldietan zehar gauzatuko dira (2025era arte) eta arlo hauetan eragingo dute: gizartean, hirigintzan, osasunean, mugikortasunean, merkataritzan, hezkuntzan, prestakuntzan, lanean eta berdintasunean.

Zubirik Plana guztiz bat dator Bilboko Udalaren 2019-2023rako Agintaldiko Planarekin, biek dute, izan ere, Bilbo pertsona guztientzat, auzo guztientzat eta jarduera ekonomikoarentzat eraikitzen jarraitzeko helburua.

Hori horrela, Bilbo gero eta kohesionatuagoa da, eta gero eta konprometituago dago jasangarritasunarekin eta auzo guztietara iristen diren kalitatezko zerbitzuekin; horrez gain, inbertitzeko eta enplegua sortzeko erakargarria da, eta balio sendo eta partekatuak ditu, horien artean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna nabarmenduta. Plana bat dator, era berean, Balio Gutunarekin eta Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH).

Hauek dira Planaren 36 ekintzak:

  1. Esku-hartze komunitarioko programa osoa hiru auzoetako elkarbizitza hobetzeko.
  2. Kulturarteko sentsibilizazio-programa.
  3. Hiritarren elkarbizitzarako gizarte-foroa sortzea.
  4. Idazkaritza teknikoko figura sortzea, Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabaleko Udal Bulegoak egiten duen lanean laguntzeko.
  5. Hiru auzoetan osasunaren sustapena dinamizatzea, komunitateak arlo horretan dituen premiei erantzuteko jarduerak planteatzen dituzten parte-hartze komunitarioko prozesuen bidez.
  6. Bizitegi-modu berriei buruzko mintegia egitea, Udal Etxebizitzak-ekin lankidetzan (Uri osoari irekitako mintegia, auzoko guneren batean egitekoa).
  7. Aztertzea ea bideragarria den eta abian jarri daitekeen belaunaldi arteko proiektu bat, prestakuntza-prozesuetan dauden eta etxebizitzarik ez duten gazteekin.
  8. Etxebizitza partekatuen programa pilotua.
  9. Hiru auzoetan turismo-erabileren ezarpenak izan duen bilakaera aztertzea, eremuan gehiegizko eskaintza egotea prebenitzeko.
  10. Ingurune urbanoa eta eraikinen segurtasuna hobetzeko programa.
  11. Hiru auzoetako eraikinetako irisgarritasun-baldintzak hobetzeko programa.
  12. Hiru auzoetako saltokien kanpoko itxura hobetzeko programa.
  13. Hiru auzoetan titulartasun publikoko eta pribatuko lonjak eskuragarri egoteari buruzko txostena.
  14. Hiru auzoetan eskuragarri dauden lonja hutsen dekorazio artistikoko programa, merkataritza-erabilerarako.
  15. Lonjak alokatzeko bitartekaritza-programa baten bideragarritasun-azterketa.
  16. Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Poloa (EKONOPOLOA).
  17. Auzoetatik igaro eta auzoen behealdea eta goialdea eta Miribillako osasun-zentroa lotuko dituen autobus-linea.
  18. Eragitea segurtasun-planetan, polizia-jarduketako tekniketan eta komunitatearekin lan egiteko tekniketan, betiere hiritarrek segurtasunaren pertzepzioarekin zuzenean lotuta daudenean.
  19. Eragitea polizia-jarduketako tekniketan eta komunitatearekin lan egiteko tekniketan, betiere hiritarrek udaltzaingoaren gertutasunaren pertzepzioarekin eta horien zerbitzuen eta efikaziaren balorazioarekin lotuta daudenean.
  20. San Frantzisko kalea urbanizatzea, Auzokide Planean aurreikusi ez den tartean, hau da, Mirasol Kondearen eta Hiru Zutabe plazaren artean.
  21. Cantalojas zubiaren eta Gorte kalearen artean beste autobus-errei bat egitea, autobusek Gorte eta Zabala kaleetarantz bira egin dezaten.
  22. Mirasol Kondearen kalea urbanizatzea.
  23. Gorte eta Olano kaleen arteko eskaileren irisgarritasuna hobetzeko bideragarritasun-azterlana egitea.
  24. Zabalako auzo-etxea eraberritzea.
  25. Cantalojas kalea (tarte bat) urbanizatzeko azterlana eta aurrekontua egitea.
  26. Harrobi plazako eskailerak berritzeko azterlana eta aurrekontua egitea.
  27. Arnotegi kalea (tarte bi) urbanizatzeko azterlana eta aurrekontua egitea.
  28. Aintzira kalea (tarte bat) urbanizatzeko azterlana eta aurrekontua egitea.
  29. Harrobi kalea urbanizatzeko azterketa eta aurrekontua egitea (txukuntzea), Gorte eta San Frantzisko kaleak lotzen dituen tartea eta Gorte eta Gimnasio kaleak lotzen dituen tartea (tarte bi).
  30. Babes kalea urbanizatzeko azterlana eta aurrekontua egitea.
  31. Kontzezio kalean noranzko biko zirkulazioa baimentzea B.M. Zabala kalearekin bat egiten duen eremuan.
  32. Bilbao Ekintzak eta Lanbidek langabeak laneratzeko auzoetan egiten dituzten ekimenak eta ekintzak indartzea.
  33. San Frantziskoko HHIko prestakuntza-eskaintza zabaltzea.
  34. Bilbo Zaharreko, San Frantziskoko eta Zabalako Emakumeentzako Ahalduntze Eskola egitea.
  35. Hiru auzoetan bizi direnei Zubirik 2021 2025 Plana ezagutaraztea.
  36. Hiru auzoetako biztanleei zuzendutako komunikazio-kanpaina bat garatzea, auzotarren gizalege- eta hiritartasun-maila hobetzeko.

AURREKO PLANAK

XX. mende amaieratik, udalak interes berezia jarri du Bizkaiko hiriburuko auzo horietan, eta askotariko ekimenak egin ditu auzo horietako eremu fisikoan azpiegiturak eta etxebizitza-parkea hobetzeko, bai eta han bizi direnen bizi-kalitatea hobetzeko ere.

1998az geroztik bost plan espezifiko egin dira:

  • Bilbo Zaharra-Ate Irekia hiri-proiektu pilotua
  • Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala Zaharberritzeko Plan Integrala (2000-2004)
  • Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Plan Berezia (2005-2009)
  • Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako ekintza-plan komunitarioa (2012-2016)
  • Auzokizuna Plana (2017-2020)
noticias de deia