Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak Altamira auzoa bisitatu du Irisgarritasun Integraleko Planaren obraren amaiera ezagutzeko. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, 2.411.358,18 euro inbertsitu dira lan hauetan. Besteak beste, lau elementu mekaniko jarri dira, atarietarako sarbidea hobetu da eta auzoko kalerik altuena erdi atondu da.

Altamirako orografiak eta hiri-diseinuak (berrogeita hamarreko hamarkadakoa) mugikortasun zaileko eta irisgarritasun mugatuko ingurune bihurtzen dute auzo hori. Zenbait altueratan banatutako plataforma horizontaletako eraikinek osatzen dute, eta, horregatik, kaleen arteko zeharkako konexioa malden eta eskaileren bidez egin behar da.

Zailtasun horiek gainditzeko eta irisgarritasun unibertsalaren aldeko apustuarekin bat etorrita, Bilboko Udalak -Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bidez- ibilbide irisgarriak sortuko ditu plataformen artean, auzoko bizilagunen mugikortasuna eta, ondorioz, bizi-kalitatea hobetzeko.

Egindako lanak zuzenean ezagutzeko, Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea, Kepa Odriozola Zerbitzuetako eta Bizi Kalitateko zinegotzia, eta korporazioko beste kide batzuk Altamirara joan dira gaur goizean.

Alkateak, bisitan, gogorarazi du “irisgarritasun unibertsala zeharkako eta lehentasunezko ildoa dela udaleko sail guztien lan-plangintzan. Teknikoki bideragarria den heinean, pertsonak edozein egoeratan garraiatzeko soluzioak bultzatzen ditu, eta udal espazio, ekipamendu publiko, produktu eta zerbitzu guztiak pixkanaka egokitzearen aldekoa da, herritar guztiek erabili ahal ditzaten”.

IGOGAILU BERTIKALA AUTOBUS GELTOKIAREN ONDOAN, AUZOAREN BEHEALDEAN

Jardun-eremu hori autobus-geralekuaren ondoan dago, auzoaren behealdean. Bertan igogailu bat egin da, haurrentzako jolas-eremutik eta 3. ataritik oso hurbil. Elementu bertikal horrek 9 metro baino gehiagoko altuerako desnibela gainditzen du.

Igogailutik irteteko goiko gunearen eta urbanizazioaren arteko konexioa 6 metroko luzera duen metalezko pasabide baten bidez egin da.

Igogailu horrek eta auzoan jarri diren beste hirurek (jarraian deskribatuko dira) beira ijeztuz estalitako egitura metalikoak dauzkate, ibilbidearen edozein puntutan kabina kanpotik ikusi ahal izateko.

Bakoitzean 13 pertsona sartzen dira.