Bilboko Udalak 99.988,28 euroko aurrekontua bideratu egin du Avril mendiko Iturritxualde eta Artxandako Pikotamendi aisialdirako guneetan umeen jolaserako eta abenturazko ekipamendu bi jartzeko. Lanak hasi egin dira dagoeneko eta espero da azaroan amaitzea.

Lan horiei ekiten zaie balioa ematearren Eraztun Berdeari eta uriko baso-baliabideei, eta herritar guztiek areago erabil eta goza ditzaten, txikienek lehenengo. Egin-eginean, umeak ohartarazi nahi ditugu, baita jolaserako elementuaren bidez ere, natur ingurumena errespeta eta ezagut dezaten, funtsezkoa baita etorkizunean gure basoak zaindu eta onik iraunarazteko.

Bi eremu horiek hautatu dira hiru irizpide hauen arabera:

  • Leku irisgarriak izatea.
  • Altzariak edukitzea atseden hartzeko eta egoteko, hala nola iturriak, mahaiak, jarlekuak, zakarrontziak eta beste.
  • Garraio publikoko komunikazio onak izatea, eta ibilgailu pribatuentzako aparkalekuak izatea.

ITURRITXUALDEKO AISIALDIKO GUNEA (AVRIL MENDIA)

Iturritxualdeko aisialdiko guneak, Avril mendian, badu kokagune eta irisgarritasun bikain bat, Eraztun Berdearen Ibilbide Handian. Badu, gainera, aparkaleku handi bat.

Eremu horretan, jolaserako elementu hauek ipiniko dira, zurezkoak denak:

  • Tirolina arrapaladuna, 6 eta 12 urte arteko umeentzat, 20 eta 30 metro artekoak.
  • Zibo sorta bat, erabiltzeko aukera zabala ematen duena, bai umetxoek (12 hilabete baino gehiagokoek), bai umeek ere, 12 urtera artekoek.
  • Eskalada dorre bat, jolaserako bi plataforma hexagonal dituena, batek txirrista ere bai, altzairu ezin herdoilduzkoa; plataforma biak zurezko zubi batek lotzen ditu elkarrekin. Halaber, hainbat enbor izango ditu, oreka gordetzen jolas egiteko. Umeendako da, 6 eta 12 urte artekoendako.
  • Orekan ibiltzeko ibilbide bat. Multzo honek bi barra horizontal izango ditu, mailakatuak, barra flotagarri bat, arrapala bat sokarekin, eta zaldain bat sokarekin, hainbat zur flotagarri eta barra birakari bat. Era berean, 6 eta 12 urte arteko umeendako.

PIKOTAMENDIKO AISIALDIKO EREMUA (ARTXANDA)

Kokaleku ezin hobe batean, hau ere, Eraztun Berdean bete-betean, eta oso leku irisgarri batean --bai Lezamako Trenbide Zaharretik, bai Salbe zubitik sarbidea duela--, Pikotamendiko aisialdirako eremuan, Artxandan, jolaserako eta abenturazko elementu anizkun bat ipiniko da.

6 eta 12 urte arteko umeendako da, eta eskuz eraikia, zur jasangarriz; egitura anizkoitz bat da, zutabe irregularrez eta sare eta sokazko konbinazioz eratua, eta aukera ematen du lauhazka igotzeko, kulunkatzeko eta oreka gordetzen aritzeko.

Egitura abstraktua duelarik, irudimena sustatzen du, eta, bere ezaugarriengatik, hobetu egiten du garapen psikomotorra. Egitura irekia denez, eta egoteko guneak dauzkanez, erraztu egiten du sozializazioa, eta aukera ematen du gurasoek eta zaintzaileek erraz jagon ditzaten umeak; gainera, sozializazioa sustatzen du.