Otxarkoaga-Txurdinaga barrutiak bat egingo du Bilboko Udalak 2013an lehendabiziz martxan jarri zuen Zurrumurrien kontrako Estrategiarekin.

Gaur den egunean, "mapagintza fasea" ari da gauzatzen barruti horretan, auzo horietako baliabideak, entitateak, mugimenduak eta komunitate-kolektibo ezagunak identifikatzeko. Fase hori ezinbestekoa da, eta aukera ematen du ekimena hurbiltzeko, eta are auzotarrei eta kolektibitatea sustatzen duen komunitate-ehunari eskaintzeko tresna moduan proposatzeko.

Fase honi esker, harremanak eratu ahal izan dira auzoan gakoak diren komunitate-eragileekin, hala nola Otxarkoaga-Txurdinaga barrutiko batzorde sozioedukatiboa, Bizitegi elkartea, Emankor Sarea, adinekoen eguneko zentroa, Otxarkoagako Familien Elkartea, Tendel elkartea, Otxarkoagako HLHIa, edo Otxarkoagako Formazio Zentroa, besteak beste.

"Estereotipo ezkorren kontra egiteko, zurrumurruen kontrako proiektuak tokian tokiko agenteen eta pertsonen sare bat finkatu beharra dauka, pertsona horiek, nork bere aldetik, kulturartekotasunaren alde egin dezaten, dibertsitatezko bizikidetzaren alde eta diskriminazioaren kontra, Bilboko auzo guztietan." adierazi du Itziar Urtasun Lankidetzako, Bizikidetzako eta Jaietako Saileko zinegotziak.

Gaur den egunean, zurrumurruen kontrako 367 agentek osatzen dute sarea. Beren auzoaren eta uriaren alde engaiatuta dauden pertsona berriei (auzotarrei) formazioa ematea, horixe da Bilboko Udalak prestatu eta programatu dituen formazio-jardunaldi berrien xedea.

FORMAZIO JARDUNALDIAK

Lehen jarduera Zurrumurruen kontrako oinarrizko formazio bat da (8 ordu), irekia herritarrentzat, doakoa, eta gai honen gaineko jakin-mina duen edonork parte hartzekoa. Formazioa Otxarkoaga-Txurdinaga barrutiko udaltegian eskainiko da (Pau Casals etorbidea, 19), 18:00etatik 20:00etara, eta guztira lau saio izango dira:

  • Urriaren 19an: Xabier Aierdi, soziologian doktorea EHUn: "Migrazio prozesuak: zurrumurruak, pertzepzioak eta jarrerak".
  • Urriaren 21ean: Maya Amrane eta Bibiana Gómez, Biltzen-en teknikak ¬(Biltzen: Integrazioko eta Kulturarteko Bizikidetzako Euskal Zerbitzua: "Genero ikuspegia Zurrumurruen kontrako Estrategian").
  • Urriaren 25ean eta 26an: Asier Gallastegi, kontsultaria, formatzailea eta coach-a: "Elkarrizketarako eta komunikaziorako trebetasun praktikoak, I. eta II. zatiak".

Parte hartu nahi dutenek mezu elektroniko bat bidali behar dute helbide honetara: antirumores@bilbao.eus Telefonoz ere deitu dezakete zuzenean: 662 425 662.

ZURRUMURRUEN AURKAKO ESTRATEGIA

Bilboko Udalaren Zurrumurruen kontrako Estrategia herritarrek parte hartzeko ekimen bat da, eta atzerritik etorritako gure auzotarren alderako zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipo ezkorrak desegitea du xede. Zurrumurruen aurkako estrategia gizarte-aldaketako prozesu bat da, epe luzekoa. Beraren bidez, bazterketa prebenitu, elkarbizitza hobetu, eta aniztasunaren potentziala aprobetxatu nahi dugu; horretarako, pertzepzioen, jarreren eta portaeren aldaketa bat sorrarazi nahi dugu biztanleriaren artean, oro har, nahiz helburu-talde zehatzetan.

Zurrumurruen kontrako Estrategiak gaitze eta informazio etengabea eskaintzen du, formazioaren bidez eta mintegi, tailer eta hileroko topaketen bidez, eta baliabide praktikoak eskuratzeko aukera emanez. Ekimen honek kontsultarako eta eztabaidarako gune bat eskaintzen du, non iradokizunak eta alternatibak proposa daitezkeen, halako moldez non herritarren ikuspuntuak bere isla izango duen sarearen inpaktu eta sentsibilizazio ekintza zenbaitetan.