'Rue de l 'Avenir 2021' saria eman diote Bilboko Udalari

03.10.2021 | 21:38
'Rue de l 'Avenir 2021' saria eman diote Bilboko Udalari.

Bilboko Udalak urian 30 km/h-ko abiadura zabaltzeagatik 'Rue de l'Avenir 2021' saria jaso du Suitzan, "errepideak barik kaleak amesten ausartu delako. Eta hiri-eremuan abiadura moteltzeko, mugikortasun jasangarria bultzatzeko eta trafikoaren ondorio negatiboak murrizteko beharrezkoak diren tresnak hartu dituelako".

Ekitaldia Friburgon burutu den jardunaldi baten baitan egin da eta urtero, tokiko gobernuetako agintariak, mugikortasuneko eta hirigintzako adituak eta gizarte zibileko ordezkariak biltzen ditu, Suitzako mugikortasun-esperientzia positiboak partekatzeko.

Saria online jasotzeko arduraduna Alfonso Gil Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasun Saileko alkateorde eta zinegotzi ordezkaria izan da. Saria eskertu eta bilbotar guztiekin partekatu ondoren, Bizkaiko hiriburuak mugikortasun jasangarri eta osasungarriaren alde duen esperientzia eta apustua azaldu ditu.

"Bizitegi-kaletik hiri moderatura" lelopean, egunean zehar ohorezko aipamena eman zaie Suitzako esku-hartze eredugarriei. Adibidez, 2020ko aipamena Genevarako izan zen, pandemiaren garaian txirrindularien alde hartutako neurriengatik. 2021ean, 40. urteurrena ospatzeko, nazioarteko esku-hartzeen aipamen berri bat egin da, eta Bilbora joan da.

"Informatu, trukatu, inspiratu". Hiru hitz horiek laburbiltzen dute Suitzan lan egiten duen Rue de l 'Avenir elkartearen motibazioa. Elkarte horrek modu aktiboan lan egiten du kalea ez dadin izan motordun zirkulaziorako gune bat, baizik eta bizitzeko leku bat, funtzio ugari dituena, eta erabiltzaile guztiei modu orekatuan leku bat ematen diena.

SARIAK

Sari honekin, Bilbok sariak pilatzen jarraitzen du, hiriko bide-segurtasunaren alde egindako apustu garbiagatik. Gogoratu behar da joan den apirilean Bizkaiko hiriburuak Europar Batasunaren Hiri Bide Segurtasunaren Saria jaso zuela, European Mobility Week 2020 sarien barruan. Sari horrek bide-segurtasunaren arloko lorpen nabarmenei eta berritzaileei tokiko agintariek egindako ekarpena saritzen du.

Arrazoi beragatik, joan den abenduan, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (DGT) bide-segurtasunaren merezimenduaren domina eman zion Alfonso Gili, Bereizgarri Urdinaren brontzezko kategorian, 30 km/h-ko muga hiri osora zabaltzeagatik. Saria Fernando Grande-Marlaska Barne ministroaren eskutik jaso zuen.

noticias de deia