“Ibiltarien sarea” programaren denboraldi berria aurkeztu da gaur Alfonso Gilen eta Yolanda Díezen eskutik. Zinegotzi ordezkariek azaldu dutenez, aurtengoan, mugikortasuna eta ariketa fisikoak elikadura osasuntsuko ohiturekin lotu nahi dute eta, horregatik, "herritarrak luzeago eta hobeto bizitzeko" gosari osasuntsuen programa berria abiatuko da.

Ekimen hau gaur hasi da, Erriberako merkatuan amaitu den jardunaldi batean. Izan ere, udal merkatuek ekarpen garrantzitsua egingo diote programari, denboraldi berriko ibiltarien sareko ibilbideen helmuga izango baitira. Haietan, programatutako ibilbidea egin duten adineko pertsonek elikadura osasuntsuak bai osasunean, bai aldartean dituen onurak ezagutuko dituzte, eta udal merkatuek eskaintzen dituzten produktuak dastatuko dituzte.

“Herritarrek kirola egitea eta modu osasuntsuan elikatzea nahi dugu, luzeago eta hobeto bizi daitezen”, adierazi zuen Alfonso Gilek EMA 2021aren hasieran.

Ekimen hau Europako 2021eko Mugikortasunaren Astearen barruan dago, irailaren 16tik 22ra egingo dena. Aurtengo lema “Zure osasunaren alde, mugitu modu osasuntsuan” da. Hala, osasun mental eta fisikoa dira edizio honen jomuga. EMAk osasun mentalaren eta hiri-mugikortasunaren arteko erlazioan jartzen du fokua: gai hau are garrantzitsuagoa bihurtu da pandemian zehar. Modu berean, edizio honetan osasun fisikoa lehenetsi da. Mugikortasun aktiboak atmosferako kutsadura eta kutsadura akustikoa murrizteko duen onuraren balioa nabarmentzen du.

Yolanda Diezek azaldu duenez, “Osasun eta Kontsumo Sailak Europako Mugikortasun Asteak sortzen duen aukera hau aprobetxatu gura izan du mugikortasun aktiboa eta bizimodu osasuntsua sustatzeko jardunaldi bat eskaintzeko, jarduera fisikoaren eta elikadura osasuntsu baten ikuspegitik, udalerriak dauzkan baliabideetako batzuk erabiliz, zehazki, parke bio-osasuntsuak eta ibiltarien sarea”.

Ekitaldia egitearen helburua izan da parte-hartzaile bakoitza egun honetako protagonista eta partaide sentitu dadila. Hori ezinbestekoa da bizimodu osasuntsu baten inguruan gizarteratzea mesedetzeko eta jai-giroa sortzeko. Parke bakoitzean gidatutako ariketa fisikoko saioak egin ostean, Osasun Parkeak aplikazioa atera eta plazaratu baino lehen, parte-hartzaileak 4 parke bio-osasuntsuetatik Erriberako merkatura abiatu dira, eta bertan luzaketa gidatuak egin dituzte.

Jardunaldia Erriberako merkatuan amaitzea aurten “Ibiltarien sarearen” programaren barruan sartuko diren berritasunen aurrerapen bat da. Helburua da osasun ona izateko elikadura egokia izatearen garrantziaz jabetzea. Horretarako, elikadura orekatua eta egokia sustatzeko informazioa emango da.

Ildo honetan, ibiltarien sareko 15 ibilbideak programatzerakoan, Bilboko udal merkatuetara bisita erregularrak prestatuko dira, sasoiko elikagaiek (hau da, heltze-unerik onenean dauden elikagaiek) elikaduran duten garrantzia azpimarratzeko. Zaporea ez da abantaila bakarra: osasunerako hobeak dira, merkeagoak, tokiko ekonomia bultzatzen dute, eta ingurumenerako onak dira.