Astelehen honetan Bilboko alkatea Juan Mari Aburtok harrera instituzionala egin die BBVA Fundazioa Ezagutzaren Mugak Sarien XII. eta XIII. edizioetako antolatzaileei, epaimahaikideei eta sarituei. Bilboko Udaleko Arabiar Aretoan egin den ekitaldian Fundazioko presidente Carlos Torres Vila ere egon da. Sariak banatuko dira astearte honetan arratsaldean Euskalduna Jauregian eta Iñigo Urkullu lehendakaria joango da.

Koronabirusaren pandemia zela-eta 2020an geldialdia egin behar izan zen; hori dela eta, batera egin dira aurten Ezagutzaren Mugak Sarien XII. eta XIII. edizioak. Juan Mari Aburtok adierazi duenez, "gutxitan sentitu gara hain zaurgarriak, baina gutxitan izan dugu ere aukera esperimentatzeko denok norabide berean goazenean zer egiteko gai garen; are txerto efektiboak ere garatu ditugu hilabete gutxitan".

Alkatearen hitzetan, koronabirusaren krisia "gizadiaren historian izandako bidegurutze handienetako bat" izan da eta, etorkizunaz mintzatuta esan duenez, "COVIDaren osteko mundua bidezkoagoa, jasangarriagoa eta gizatiarragoa izango da, edo ez da mundurik izango".

Azkenik, Aburtoren hitzetan, "oso harro gaude Bilbok ezagutzaren festa handi honetan parte hartu dezakeelako; BBVA Fundazioari esker, mundu osoko buru argienetako batzuk bildu dira urian".

Bestalde, Carlos Torres Vila BBVA Fundazioko Presidenteak gogora ekarri du “hiri honexetan sortu zela, Udaletxe honetatik metro gutxi batzuetara, BBVA talde handia. Hemen ere harro mantentzen ditugu gure sustrai biziak”. Era berean, Torres Vilak argi utzi nahi izan du “gaur, inoiz baino gehiago, Bilbo etorkizunera eta aurrerabidera irekitako hiria dela, eta hiri honekin partekatzen dugu egun garena markatu digun ezagutzarako, berrikuntzarako, lidergorako eta proiekzio globalerako bokazioa. Ez dago ezagutzari balioa emateko leku egokiagorik hiri zoragarri hau baino”.

Pandemiari dagokionez, “gure ezagutzak gizateriaren erronka handiei erantzuteko duen gaitasuna probatzeko” balio izan duela esan du, “muturreko moduan probatu ere, baina pandemiatik kanpo, digitalizazioari lotutako teknologia berriak, deskarbonizazioari emandako bultzadarekin eta kontsumo-ereduetan gertatzen ari diren aldaketekin batera, goitik behera eraldatzen ari dira gure ekonomia, gure bizitzeko modua eta izaki sozial bezala erlazionatzeko modua”.

Amaitzeko, Mugak Sarien jatorria zuzenean lotu du ezagutza gure mundua eta gure burua ezagutzeko, gure garaiko erronka handiei aurre egiteko eta pertsona guztientzako aukerak sortzeko tresnarik egokientzat jotzen duen ustearekin. Bilbori aintzatespenei harrera egiteagatik berriz ere esker ona adierazi ostean, Hiriko herritarrek “zientziek eta arteek ordezkatzen duten guztiarekiko sentiberatasuna eta irekitasuna” nabarmendu du.