Bihartik aurrera, irailak 16, eta hilaren 26ra bitartean, bilbotarrek Bilboko Udalaren 2022ko parte hartze bidezko programan parte hartuko duten proiektuak aukeratu ahal izango dituzte, udal-webgunearen bitartez. Proiektu bakoitzak bere deskribapena eta aurrekontua izango ditu.

Hasiera batean, 583 eskaera aurkeztu ziren, eta, azkenean, 663 proposamenetan banakatu ziren, proposamen bat baino gehiagoko eskaerak baitzeuden. 663 ekimen horietatik, 432 atzera bota dira, besteak beste, udalaren eskumena ez izateagatik edo teknikoki edo juridikoki bideragarriak ez izateagatik. Gainerako 231 proiektuetatik, 129 proposamenekin lotutako 34 proiektu hautatu dira, berdinak edo antzekoak izan direnak proiektu berean bildu baitira. Lehentasun handieneko ideiak hautatu dira bere interes orokorra eta egokitasunagatik.

Proiektuen gaiak askotarikoak dira: gizarte ekintza, obrak, sustapen ekonomiko edo teknologikoa eta abar. Gainera, Gainera, barruti guztiei lotutako proposamenak daude, baita Bilbo osoan eragina duten proposamenak ere - Bilbo: 10, Deustu: 6, Basurtu/Zorrotza: 5, Ibaiondo: 5, Begoña: 2, Errekalde: 2, Uribarri: 2, Otxarkoaga/Txurdinaga: 1 eta Abando: 1-.

Informazio guztia xehe-xehe eta botoa emateko inprimakia eskuragarri egongo dira Udalaren webgunean, bihar ostegunetik aurrera.

Proposamen bozkatuenak hurrengo ekitaldiko udal kontuetan sartuko dira. Horietan, aurrekoetan bezala, 2 milioi euroko diru-zuzkidura erreserbatuko da.

Bozketan, Bilbon erroldatutako edozeinek parte hartu ahal izango du, 16 urte baino gehiago baditu, eta pertsonako boto bakar bat eman ahalko da. Horretarako, inprimaki erraz bat prestatu da, eta erroldaren bidez bertan baliozkotuko dira hor emandako nortasun-agiria eta jaiotze-data. Behin baliozkotzeak eginik, nahi adina proposamen hautatu ahal izango dira, baina ezingo da gainditu parte-hartze bidezko aurrekonturako ezarritako zenbatekoaren gehienezkoa (2 milioi euro).