Ostegun honetan, irailak 9, arratsaldeko 17:00etan, gutxi gorabehera, Bilboko Udalaren ordezkari eta Herritarren Arretarako eta Nazioarteko Gaietako zinegotzi Oihane Agirregoitiak uriarentzako digitalizazio-proiektua aurkeztuko du Medellinen, Smart Bilbao estrategia azalduz. Hala, foroan parte hartuko duten mundu osoko hainbat hiriren ordezkariak estrategia ezagutu ahal izango dute gertu-gertutik.

Honelako topaketa birtualak hilean behin egiten dira, eta bakoitzean hiri bat aukeratzen da, zenbait alorretan egiten dituen garapen-praktikak plazaratzeko. Besteak beste, Buenos Aires, Recife, Quito, Ciudad de México eta Sao Paulo foro honetako saioetako batzuetako protagonistak izan dira.

Agirregoitiak, bere azalpenean, teknologia digitalak gizartearen alor guztietan aplikatzearen garrantzia nabarmenduko du, prozesuak, produktibitatea eta zerbitzuak hobetzeko helburuarekin, garapen maila eta bizi-kalitatea areagotzeko asmoz.

HIRI ARTEKO ELKARRIZKETAK TOPAKETA

Hiri arteko elkarrizketak topaketa birtualak dira, hiriek etorkizunari begira dituzten erronkak aztertzeko eta gogoeta bultzatzeko. Helburu orokorra hirien garapenari buruz nazioarteko adituek egiten dituzten ekarpenak eta kontzeptuak biltzea da, munduko beste leku batzuetako esperientzia arrakastatsuak ezagutu ahal izateko, garapenaren hainbat alorretan: hirigintzako garapena, ekonomikoa, soziala, kulturala, politika publikoena eta abar. Hilean behin egiten den topaketa birtual bat da; haietako bakoitza hiri bati buruzkoa da.