Irailaren hasierarekin batera, euskararen erabilera sustatzeko ahaleginean darrai Bilboko Udala. Oraingo honetan, 'Euskaraz gehiago gara' izeneko kanpaina jarri du martxan, hastear dagoen ikasturte honetan bilbotarrak uriko euskaltegietan matrikulatzera animatzeko.

Udalaren asmoa da herritar guztiengana iristea, eta agerira ekartzea euskara ikasi nahi duten pertsonen era bateko eta besteko profilak: guraso eta tutoreak, beren seme-alabei eskolako lanetan lagundu nahi dietenak; helduak, beren lan-baldintzak hobetu nahi dituztenak; migratzaileak, euskara ezagutu eta erabili nahi dutenak; edo adinduak, euskaraz ere sozializatu nahi dutenak, besteak beste.

Kanpaina gaur goizean hasi da, Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziaren eta Bilboko euskaltegietako ordezkariaren arteko topaketarekin, eta irailean zehar luzatuko da, Bilbobusen eta berinapeetan. Narbaizak hau gogorarazi du: "Udalak apustu irmoa egiten du euskararen normalizazioaren alde, eta euskaltegiak funtsezko tresna dira gure hizkuntzaren eta gure kulturaren ezagutza eta erabilera hedarazteko eta Bilbo uri euskaldunagoa bihurtzeko gure eginkizunean aurrera egiteko". Horrez gain, Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak bilbotar guztiak animatu ditu euskaltegietan izena eman dezaten.

ESKAINTZA SEGURUA

Bilboko euskaltegiak moldatu egin dira egoera sanitarioaren aurrean, eta haien eskaintza segurua da. Bigarren urtea izango da ilaran ikastaro ez-aurrez aurrekoek eta bitarikoek pisu handiagoa izango dutena, errazagoa delako horrela osasun- eta segurtasun-neurriak betetzea. Lau ikastaro mota eskaintzen dira, nahiz eta, bakoitzaren barruan, era bateko eta besteko eskaintzak eta malgutasunak eskainiko diren:

  • Aurrez aurreko ikastaroak, ikasgeletan segurtasun-neurri guztiak beteko direla segurtatuz.
  • Jarduera bikoitzeko ikastaroak, aurrez aurreko jarduera eta ez-aurrez aurrekoa konbinatuz.
  • Autoikasketan oinarritutako ikastaroak, inoiz baino aukera gehiago eskainiz norberaren ordenagailuaren bidez ikasteko.
  • Eta bideokonferentzia bidezko taldeak, ikasgela birtualen bidez eta irakasleen laguntza izanik talde eta ordutegi finkoetan.

Datorren ikasturterako eskaintzan, orobat daude barnetegietako egonaldiak eta ikastaro espezifikoak kolektiboentzat eta enpresentzat.

2020/2021 kanpainan gertatu zen bezala, euskaltegi bakoitzak bere kontingentzia-plana edukiko du ezarrita, eta, hala, arau sanitario guztiak beteko dira, ikasleak lasaitasunez etor daitezen euskaltegietara eta ikastaroak aurrez aurre egitera anima daitezen, hori baita emaitzarik onena ematen duen formula.

MATRIKULATUEN PROFILA

Iazko ikasturtean, 6.800 pertsona inguru matrikulatu ziren Bilboko euskaltegietan. Ikasleak, gehienbat, emakumeak dira, eta goi mailako ikasketak dauzkate, eta 26 eta 50 urte bitarteko adina dute.

Bilboko 17 euskaltegien izenak eta helbideak hemen daude, ikusi nahi izanez gero.

Bilboko Udalak, urtero-urtero, euskara ikasteko laguntzetarako deialdi bat egiten du, guraso, denbora libreko begirale eta errenta txikia duten pertsona Bilbon erroldatuta daudenentzat. Iaz 300 dirulaguntza eman ziren.

Informazio hori Udalaren web orrian argitaratzen da, alegia, web helbidean, eta baita beste helbide honetan ere.