Datorren larunbatean, irailaren 11n, arratsaldeko 19:00etan, denboraldi berria hasiko du Bilboko Udal Txistulari Bandak. Bidebarrieta Kulturgunearen liburutegian ospatuko da ekitaldia.

Lehen hitzordu horri begira, txistulari Bandak errepertorio klasiko bat eskainiko du udal liburutegira hurbiltzen den jendearentzat: zortzikoak, minuetoak, lehiaketetarako idatzitako lanak, doinuak eta bariazioak, etab. Jose Inazio Ansorena, Jesús María Bilbao Estefanía, Luis Urteaga, José Olaizola, Bruno Imaz eta Rodrigo A. de Santiago autore handien abestiak interpretatuko dituzte.

2004an Bilboko udal txistulari Banda berritu zenean kideei dagokienez, aurreneko kontzertua Bidebarrietako Liburutegian eman zuten eta larunbat honetan eskainiko den programa berdina interpretatu zuten. 17 urte geroago, Banda berriro itzuliko da uriko espazio berezi honetara, hilero kontzertu bat eskaintzeko.

Kontzertua doakoa izango bada ere, bertaratu nahi dutenek sarrerak edo gonbidapenak aldez aurretik erreserbatu beharko dituzte, Bilbao Kulturaren webgunean. Halaber, emanaldiaz streaming bidez ere gozatu ahal izango da.

BILBOKO UDAL TXISTULARI BANDA

Gaur egun hauek dira Bilboko Txistularien Bandako partaideak: Garikoitz Mendizabal (Zuzendaria), Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier García. Urte hauetan aukera izan dugu bi ezaugarri gutxienez antzeman ahal izateko: saioen kalitatea batetik, eta, bestetik, saio bakoitza besteetatik ezberdintzeko egindako ahalegina.

Bidebarrieta Kulturgunean zenbait emanaldi egin ondoren, Euskalduna Jauregian kontzertu-zikloa antolatzen hasi ziren eta gaur egun zikloak indartsu jarraitzen du; bertan, txistularien bandaren saioekin batera goi mailako profesionalekin eta taldeekin lankidetzako saioak uztartu dituzte.

Bandak baditu zazpi disko eta DVD bat kaleratuak: “Bilboko Udal Txistu Banda” (2004); Alos Quartet Harizko Laukotearekin “Harizko Txistua”(2006); “Hala ere” (2007) Kepa Junkera, Pello Ramírez, Aitor Furundarena, Iñaki Salvador, Marijose Arregi eta Xabi Zabalaren laguntzaz; “Bihurrikeritan” (2008) txistularien errepertorio birtuosoa biltzen zuena; “Kantari Gabonetan” (2010) Leioako Kantika Koralarekin; “Plazan” (2014) erromerietako eta dantzaldietako musika-lanekin; Xabier Zabalarekin “Gogoeta” eta azkena, “X Urte, hamaika lagun” (2015) DVDa euren hamargarren urteurrena ospatzeko.