Bilboko Udalak 238.420 euroko aurrekontua bideratu egin du, Auzokide Planaren bitartez, Elorrieta auzoan jolaserako eta aisialdirako eremu berri bat eraikitzeko. Udalak amaitutzat eman ditu dagoeneko lanak, eta hainbat berrikuntza egin dira: hala nola, kirol-zirkuitu bat eta Carmelo Larrea lorategian egoteko eremu zirkular berri bat eraiki dira.

Kirol-eremu berriak 10 ariketa-aparatu ditu, hiru kategoriatan taldekatuta (kardiorako, muskulaziorako edo erlaxatzeko eta luzatzeko), eta 4 informazio-kartel dituzte egin daitezkeen ibilbideei eta entrenamenduei buruz. Gainera, aparatu bakoitzak QR kode bat du, eta kode horren bidez, online azalpen-bideoak eskura daitezke.

Instalatutako ekipamenduak honako hauek dira:

  • Sit up: modu naturalean sabela, izterrak eta aldakak indartzeko.
  • Arm Walker: erresistentzia, indar-entrenamendua eta besoen koordinazioa uztartzen ditu.
  • Air Walker: kardio-maila optimoa mantentzea du helburu.
  • Krosa: zangoetako eta aldakako giharrak modu erosoan garatzea ahalbidetzen du, erresistentzia kardiobaskularra hobetuz, korrika egitean bezain mugimendu naturala ematen duelako.
  • Rider: gorputz osoa lantzeko arraun-makina eraginkorra, entrenamendu oso bizia eskaintzen duena, muskuluen erabilera askotarikoa, baina giltzadurak, tendoiak edo bizkarra gehiegi ez kargatzeko diseinatua.
  • Bench: abdomena, bizkarra, besoak eta hankak entrenatzeko aparatu osasungarria.
  • Combit Unit 1: ariketa-aukera ugari eskaintzen dituzten bi unitate.
  • Combit Unit 2: gorputzaren goi-atala indartzeko ariketa egiteko hainbat modu. Erabiltzaile mota guztientzat da egokia.
  • Hand Cycle: gorputzaren goi-ataleko indarra entrenatzeko eta funtzio kartziobaskularrak hobetzeko.
  • Stretch: iskiotibialen, bernen eta ipurmasailen mugikortasuna eta malgutasuna hobetzeko ariketa eraginkorrak ahalbidetzen ditu. Entrenatu aurretik eta ondoren egin daiteke.

Ariketa makinekin batera, kalistenia entrenatzeko bi estazio jarri ditu Udalak, eta 15 eta 12 ariketa konbinatu egiteko aukera ematen dute, sabelaldeko giharrak, bularreko giharrak, besoak, hankak, gorputzaren behe-atala eta oreka garatzeko. Bi eremu horiek banakako edo lagunarteko entrenamendua ahalbidetzen dute, eta eskakizun-maila pertsona bakoitzari egokitzeko diseinatuta daude.

Era berean, Carmelo Larrea lorategian egoteko eremu zirkular bat egin da, belaunaldien arteko topagune bihurtzeko pentsatuta. Pisu bisual handia duten banku sendoak beste zirkuluerdi-formako batzuekin konbinatuz, komunikazioa errazten duten hainbat maila sortu dira, bai ete plaza barruko mugikortasuna errazteko barneko korridoreak ere.

Gainera, diseinu zirkular hori lurrean proiektatu da, hiru kolore erabiliz: parterreen okrea, zeruaren urdina eta landaretzaren berdea, foku-puntu bat gehituz plazan, non monokromatikoa den nagusi.

HAURRENTZAKO JOLAS-PARKEA ETA ERABILERA ANITZEKO EREMU ESTALIA

Joan den abenduan, Udalak Carmelo Larrea lorategian aisialdirako eta egonaldirako estalitako gune berri baten obrak hasi zituen, auzoaren eskaera bati erantzuteko. Eskaera hori Auzokide Planean ere jasota dago, eta Udalak 850.000 euro bideratu ditu horretarako.

Jarduera honek barne hartzen ditu haurrentzako jolas-parke bat eta erabilera anitzeko eremu bat, hainbat jarduera hartzeko, adin guztietako pertsonentzat pentsatuta eta hainbat erabileratarako diseinatuta. Gaur egun egiten ari diren obrak amaitzen direnean, plazak Elorrietako auzoko bihotz gisa duen garrantzia nabarmenduko du, eta eremu estali bat izango du, hiri-espazio horretan aisialdiaz gozatzeko aukera emango duena, klimatologia edozein dela ere.

AUZOKIDE PLANA

Lan hauek Auzokide Planaren barruan daude, Bilboko Udalak herritarren parte hartzerako daukan tresnarik garrantzitsuenetako bat.

Auzokide Planaren aurrekontua berdin banatzen da Bilboko 8. barrutien artean: 1,5 milioi euro, barrutiko eta urteko.