Aurten ez da izango herri erromeriarik edo ohiko aurreskurik Amatxuren Eguna ospatzeko, abuztuaren 15ean. Bigarren urtea da koronabirusaren pandemia-egoerak bilbotarrei ospakizuna kentzen diena. Hala eta guztiz ere, elizkizuna 12:00etan Begoñako Basilika emango da igande berezi honetan, baina hitzordua eskatzea beharrezkoa izango da.

Horregatik, Juan Mari Aburto Bilboko Alkateak tradizioa bete eta Udala ordezkatuko du igande honetan, abuztuak 15, Begoñako Basilikan egingo den mezan. COVID-19aren egungo pandemia-egoerak eragindako murrizketa soziosanitarioen ondorioz, ondoz ondoko bigarren urtez ez da herri erromeriarik izango, ezta Hiriko Alkateak elizaren inguruan bildutakoen omenez eskaini ohi duen aurreskurik ere.

Amatxuren Eguneko elizkizuna 12:00etan hasiko da, eta Begoñako Basilikaren barruan beharrezko neurriak hartuko dira higienea segurtatzeko eta jende-kopuruaren mugapenei eusteko. Gainera, egun osoan antolatuko diren zortzi mezetako batera joan nahi dutenek aldez aurreko hitzordua eskatu beharko dute www.bizkeliza.org webgunean.

Iazko, koronabirusaren pandemiaren ondorioz, Bilboko Udalak, Gotzaindegiarekin batera, urtero abuztuaren 15ean ospatu ohi diren Begoñako Aurreskua eta erromeria bertan behera uztea erabaki zuen, eta neurri hori bere horretan mantendu da aurten ere, COVID-19aren hedapena susta dezaketen jende-pilaketak saihesteko asmoz.

Urtero bezala, meza amaitutakoan, Juan Mari Aburto Alkateak adierazpenak egingo ditu ekitaldira joandako hedabideen aurrean.