Bilboko Alde zaharra zerbaitek definitzen badu, historia eta tradizioa izango dira ziurrenik; egunek aurrera egin ahala bizitasunez bete tzen dira Bilboko Zazpikaleak, eta bizitasun hori, besteak beste, tokiko saltokiei esker dauka auzoak.

Posta Kalean aurkitu ditzakegu Bilboko turroigile zaharrenak: Celina eta Eladio Iváñez. Euren birraitonak XIX. mendean sortu zuen Turronería IváñezGaur egun, bost belaunaldiren ondoren, Celina eta Eladio anai-arrebak daude agintean.

Euskal Herriko klima kontuan hartuz edonork pentsatuko luke Bilbon izozki-denda bat irekitzea ez dela errentagarria; alabaina, Celinak adierazi duenez, aurtengo eguraldi txarrak ez die gehiegi eragin: "30 graduko egunetan salmenta kopuru handiagoa daukagu, jakina, baina udan izozkiak arazorik gabe saltzen ditugu, eta aspaldi honetan oso ondo ibili gara". Orobat, Celinak nabarmendu du eguraldi txarra egin arren haiek "pozik" daudela jendeak berdin kontsumitzen duelako.

Celina eta Eladio Xixonarrak (Alacant) dira. Neguan zehar Xixonara bueltatzen dira turroi eta izozkiak prestatzeko; Bilbon, udan izozkiak eta gabonetan turroia saltzen dute: "Aldi baterako produktuak saltzen ditugu; izozkiak urte osoan zehar saltzea ez da errentagarria hemen, baditut lagunak Andaluzian sei hilabete ematen dituztenak izozkiak saltzen, baina euskal klimarekin hori ez da posible; horregatik, izozkiak ez ezik, turroia saltzen dugu ere".

bost BELAUNALDIko tradizioa

Celina eta Eladioren birraitonak 1878. urtean etorri zen Bilbora zeukan lagun bilbotar batek etortzera animatu ondoren: "Xixonan denak turroi-saltzaileak ziren eta denen-tzako merkaturik ez zegoen, beraz Xixonan denek ezin zuten saldu", azaldu du Celinak.

Bost belaunaldi pasa eta gero, Iváñez anai-arrebek daukaten erantzukizuna erantsia da; azaldu dutenez, ez dute produktuaren errezeta sekula aldatu: "Aitonak erabiltzen zuen formula bere horretan mantendu dugu, zapore bera".

Arrakastaren sekretuari dagokionez, Celinak eskaintzen dituzten produktuen kalitatea jartzen du erdigunean: "Hainbeste urteren ondoren, gure bezeroak mantentzen ditugu kalitatea eta tradizioa mantentzen ditugulako". Era berean, Xixonan artisau-izozkien elkarte bateko kide dira Celina eta Eladio: "Eskaintzen ditugun produktu guztiak goi mailako kalitatekoak dira; artisau-produktuak eskaintzen ditugu", azpimarratu du Celinak.

Iváñez familiak Bilbon izan duen harrerari dagokionez, Celinak liluratuta dagoela adierazi du: "Bezero zoragarriak ditugula baieztatu dezaket, fidelak, hainbeste urtetakoak; beraz, bezeroak baino askoz gehiago dira, lagunak dira".

etorkizunera begira

1991. urtetik daramate Bilbon Iváñez anai-arrebak, eta Celinak "gutxienez beste bost belaunaldi" gehiago jarraitzea espero du: "Bezeroek esaten digute etortzeari ez uzteko, eta nire erantzuna beti berdina da; jendea gure dendara etortzen den bitartean, urtero etortzen jarraituko dugu".

"Izozkiak urte osoan zehar saltzea ez da errentagarria hemen, euskal klimarekin ez da posible"

"Jendea dendara etortzen den bitartean, urtero etortzen jarraituko dugu"

Turronería Iváñez-eko arduraduna