Gaurtik aurrera Bilboko Ercilla kaleak hartuko du erakusketa berezi bat Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen 35. urteurrena ospatzeko. Azalpen-panel eta QR kodeen bidez bere historia, ibilbidea eta egungo errealitatea aurkitu ahalko da.

Erakusketa Abanto-Zierbenan eta Leioan egon da ikusgai aurretik, eta Ercilla kaleko oinezkoen eremuan instalatu da, irailaren 12ra arte. Ondoren, Derio eta Zamudiora eramango da, eta bertan amaituko du ibilbidea urrian.

Bilbotik 10 kilometro eskasera, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea joan den mendearen 80ko hamarkadaren erdialdean sortu zen, Bilboko azken ikono industrial handia -Euskalduna ontziola- itxi zen garaiarekin bat etorriz, Hiribilduak kultur eta zerbitzu hiriburu baterako birmoldaketa arrakastatsua hasi zuenean. Nolabait, parkeak Bizkaiko hiriburuaren lekukoa hartu du lurraldeko industria arloko lidergoan, eta enpresa berritzaile eta teknologikoenak erakarri ditu. Aldi berean, hurbiltasun geografikoak Hiribilduarekiko sinergia ugari eragin ditu (kultura- eta aisialdi-eskaintza, hotel- eta zerbitzu-azpiegitura, etab.).

Ez da ahaztu behar Bilbok, teknologia eta Industria 4.0ren alde egiten duen eta talentua eta inbertsioak erakartzen dituen "hiri adimenduna" izateko bokazioari eusten diola, betiere teknologia eskuragarriarekin eta pertsonen zerbitzura. Eta, aldi berean, hirian balio erantsi handiko inbertsioak eta enpresa-proiektuak erakartzeko gai den, enplegua sortzen duen eta tokiko eta lurraldeko garapen ekonomikoa sustatzen duen ekonomia jasangarria lehenesten du. Zalantza barik, Bilboren eta Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen arteko sinergia garrantzitsuak dira.

Erakusketa gaur inauguratu da Bilbon, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea bertan zela, Itziar Epalza Euskadiko Parke Teknologikoen Sareko zuzendari nagusiarekin batera, beste agintari eta gonbidatu batzuen artean.

Juan Mari Aburto Bilboko alkatea pozik agertu da Bilbok erakusketa hau hartu duelako. "Aukera ona da bilbotarrek, eta gure hirira hurbiltzen direnek, Parkeen Sareak Bizkaian egiten duen lana eta Euskadiko enpresa-, ekonomia- eta lan-sektorean duen eragin handia ezagutzeko".

Aburtok "dugun harreman onak Bilborentzat duen garrantzia" azpimarratu du, eta "Zorrotzaurreko Parke Teknologikoa, berandu baino lehen, errealitate bihurtzeko lanean" jarraitzen dutela aurreratu du.

Epalzak adierazi duenez, erakusketa publiko honen bidez "Bizkaiko biztanle guztiei 35 urte bete dituen ibilbide arrakastatsua helarazi gura diegu. Eta aldi berean, parke teknologikoen funtsezko eginkizunari, egungo errealitateari eta ilusioz betetako etorkizunari buruzko mezua helarazi, talentua eta ezagutza batzen dituen eta oraina hobetzeko eta gizartearen etorkizuna sortzeko lan egiten den ingurunean".