Uriko auzoetan dagoen dibertsitatea ezagutzera emateko ekimena jarriko du martxan Bilboko Udalak bigarren urtez jarraian. Hala, 'Diversitours-Aniztasuna Tours' proiektuaren bigarren edizioa abiaraziko da, Europako Kontseiluaren Intercultural Cities (ICC) programak sustatuta.

Ibilaldi gidatuen bidez kultura arteko ikuspegia duten ibilbideen proiektu jasangarria egokitu eta finkatu nahi da. Ibilaldi horiek San Frantzisko eta Bilbo Zaharra auzoetan abiatuko dira, proba modura, urrian, azaroan eta abenduan. Diruz lagundutako proiektuan parte hartzen duen hiria da Valentzia, eta Orriols auzoan esku hartuko du.

Uriko kulturarteko ibilaldi horiek Migrantour Europako Sareak sortutako esperientzian eta ezagutzan oinarritzen dira. Komunitateko eragileek gidatutako ibilbideen hezkuntza-proposamena da, Turin, Milan, Lisboa, Brusela, Marseilla, Paris edo Bartzelona hirietako kultura-aberastasunaren eta -aniztasunaren garrantzia azpimarratzeko. Migrantour ibilbideak migrazioen eta kulturen arteko elkarbizitzaren iraganeko eta oraingo historia adierazgarria duten auzoetan egiten dira.

Ibaiondoko 5. Barrutian egingo den esperientzia pilotuan, Koop SF 34ren partaidetzarekin eta prestakuntza-prozesu batean aldez aurretik gaitutako auzotarren eskutik, bisita gidatuak egingo dira bisitariak auzoaren historiarekin, komunitatearekin, erreferentziazko leku eta dendekin, azken finean, lurraldean adierazten diren gizarte-, ekonomia- eta kultura-adierazpenen aniztasunarekin lotzeko. Valentziaren kasuan, Orriols auzoko erreferentziako entitatea Valencia Acoge izango da.

Lehen fase honetan, irailean eragileak prestatu aurretik, Bilbon eta Valentzian migrazioen memoria historikoari eta horiek erreferentziako auzoetan duten eraginari buruzko azterlan bana egingo da, iraganeko eta egungo migrazioen gainean hainbat eragilerekin hitz eginda.

"Proiektuak hautatutako auzoak urian barneratzeko prozesuari lagunduko diola espero dugu, tokiko orainaldia eta hirietako migrazioen eta kultura-aniztasunaren esanahi historikoa baloratuz. Proiektu honek areagotu egingo du Bilbok Europako Kontseiluaren Kulturarteko Hirien programaren printzipioen aplikazioarekin duen konpromisoa", adierazi du Itziar Urtasun Lankidetza, Bizikidetza eta Jaietako zinegotziak.

Bilboko Udala bisita-proiektuan parte hartzeko taldeak identifikatzen ari da. Bisita horietako bi Bizkaiko Foru Aldundiak urrian antolatuko dituen Ondareari buruzko Europako Jardunaldien esparruan eskainiko dira.

Ekaineko eta uztaileko lehen fasean, Migrantouren esku-hartze komunitarioaren eredua aztertzen ari dira, Europako 20 hiritan baino gehiagotan dagoen turismo sozial eta solidarioaren Europako proiektua. Bilera telematikoak egin dira Turin, Milan eta Lisboako programen koordinatzaileekin, eta harreman etengabe izan da Bartzelonarekin. Proiektua 2010ean sortu zen Italian, ACRAren eta Viaggi Solidaliren eskutik, Europako hirien kultura-aniztasunari heltzeko beharrarekin, pertsona migratzaileak ahaldunduta eta hiri horietako herritarrak eta bisitariak elkartuta.

Diversitours-Aniztasuna Tours ekimenak herritar toleranteen, kritikoen, inklusiboen eta kulturartekotasunen aldeko apustua egiten duten pertsonak ahalduntzea du helburu; estereotipo negatiboen, gorroto-diskurtsoaren eta estremismoen gorakada globalaren aurkako borrokan lagundu nahi du.