Hilaren 16tik 31ra

36 feria-atrakzio eta 12 txurro-denda jarriko dira abuztuan Bilbon

22.07.2021 | 15:51
Hiru atrakzio eta txurro-denda bat ipiniko dira ezarritako kokaleku bakoitzean.

Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, aurten ez da Bilboko Aste Nagusia ospatuko, bigarren urtez jarraian. Hala ere, urian zehar 36 feria-atrakzio eta 12 txurro-denda jarriko dira abuztuaren 16tik 31ra bitartean. Denbora horretan, uriko zortzi barrutietako hamabi kokalekutan banatuko dira, segurtasun-neurri guztiak beteta.

Kokalekuak gaur goizean banatu dira zozketa bidez, umeentzako feria-gailuak edo txurro-dendak ustiatzen jarduten diren pertsona fisikoek edo juridikoek egindako 90 eskariren artean, Udalak joan den astean horretarako irekitako deialdirako izena eman baitzuten.

Hiru atrakzio eta txurro-denda bat ipiniko dira kokaleku hauetako bakoitzean:

  • 1. barrutia: Botikazar Erriberako plaza eta Levante Plaza.
  • 2. barrutia: Jesus Insausti plaza eta Zurbaranbarri auzoa.
  • 3. barrutia: Kepa Enbeita plaza.
  • 4. barrutia: Polboretxebidea eta Basarrate Landa.
  • 5. barrutia: Ibaieder Parkea.
  • 6. barrutia: Indautxu Plaza.
  • 7. barrutia: Errekalde plaza.
  • 8. barrutia: Zankoeta Kaleak eta Sabino Arana Etorbideak bat egiten duten lekua eta Azoka plaza.

Egun horietan ez gainerakoetan, bestalde, aukeran izango da umeentzako bi edo hiru feria-atrakzio ipintzeko kokaleku bakoitzean, kultur ekitaldi edo asteak ospatzearren. Alde horretatik, bada, banan-banan aztertuko dira auzo bateko eta besteko Jai Batzordeek Espazio Publikoaren Zuzendaritzari helarazten dizkioten eskabideak, eta xeheki ebaluatuko, eta ahal den guztietan emango zaie baimena.

Udalaren xedea, neurri honekin, hauxe da: ferialarien sektoreari aukera ematea aurtengo udan lan egiteko, betiere dagozkion segurtasun-neurriak ipinita, eta uneoro eragotziz pertsonen pilatzeak.

Halaber, Italiar Zirkua kokatuko da Etxebarria parkean, irailaren 1etik 30era.

noticias de deia