Aburtok harrera egin dio

Senegalgo Enbaxadoreak Bilboko udaletxea bisitatu du

17.06.2021 | 16:06
Juan Mari Aburto eta Mariame Sy, azken honek udaletxera egindako bisitan.

Senegalgo Enbaxadore Mariame Syk Bilboko udaletxea lehendabiziz bisitatu egin du gaur eguerdian, ekainak 17. Bilboko alkate Juan Mari Aburtok harrera egin dio Senegalgo ordezkari diplomatikorik gorenari.

Topaketan, bi agintariek gaurkotasunezko eta bi aldeen intereseko gaiak jorratu dituzte, Bilbo eta Senegalen arteko harremanetan sakontzeko asmoz, izan ere, Bizkaiko hiriburuan bizi diren atzerritar ugari herrialde horrexetatik etorriak dira.

Horren harira nabarmendu behar da Senegal lehentasunezko eremu geografikoetako bat dela Bilboko Udalaren egungo garapenerako lankidetza-estrategian, bai GGKEek herrialde horretan egina duten ibilbide luzeagatik, baita herrialde horretako hiri zein landa-eremuen kalteberatasunagatik ere. Bilboko Udalak milioi erdi euro inguruko proiektuak babestu ditu Senegalen azken bost urteotan, egiturazko pobreziari aurre egiteko eta tokiko gaitasunak modu iraunkorrean indartzeko, betiere emakume senegaldarren ahalduntzeari arreta berezia emanez.

Mariame Sy Senegalgo Enbaxadorea da 2018ko azaroaz geroztik. Aurretik, Afrikarako eta Afrikako Batasunerako Zuzendaria izan zen Kanpo Harremanetarako Ministerioan. 2006an Senegalgo Administrazio Eskola Nazionalean graduatu ondoren, Mariame Sy bere herrialdeko Kanpo Harremanetarako Ministerioko Kontseilaria, Afrika eta Asiarako Zuzendaritzako Kontseilaria eta Senegalek Genevan duen Ordezkaritza Iraunkorreko Lehen Kontseilaria ere izan da. Emakumea, Bakea eta Segurtasuna Koordinatzeko Zentroen Munduko Sarearen Koordinatzaile Nazionala ere izan da.

noticias de deia