Ekainaren 15ean

Bilbok uriaren sorreraren 721. urteurrena ospatu du

15.06.2021 | 12:24
Uriaren 721. urteurrenaren ospakizuna egin du gaur goizean Bilboko Udalak.

Urtero bezala, Bilboko Udalak uriaren sorreraren urteurrena ospatu egin du gaur goizean, ekainak 15. Oraingo honetan, 721. urteurrenean, koronabirusaren biktimen omenezko minutu bateko isilunea egin da.

Aurten ere, Juan Mari Aburto Alkateak, Udal Korporazioko gainerako kideekin batera, Bizkaiko Jaun On Diego Lopez Harokok 1.300. urtean Bilboren sorrerako Hiri-Gutuna eman izana gogoratu du ekainaren 15 honetan. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Udaltzaingoko agenteek, galako uniformeak jantzita, eta koronabirusaren biktimen omenez egin den minutu bateko isilunearen ondoren, Alkateak Bilboko Bandera igotzeari ekin dio.

Jarraian, Alkateak berak eman dio hasiera lore-eskaintzari Ernesto Erkoreka Plazaren erdialdeko lorategian, Beteluriko Zin-Jesarleku historikoaren ondoan, Udal Korporazioko gainerako zinegotziek ere parte hartu dutelarik.

Ekitaldia musikaz girotzeaz arduratu den Udal Txistulari Bandak eman dio amaiera Hiriaren sorreraren 721. urteurreneko ekitaldiari, "Itsasoa laino dago" eta "Txoria txori" interpretatuz.

HIRIAREN EGUNEKO IKURRAK

  • Bilboko Bandera: Antigoaleko itsas ikurra da, Bilboko merkataritza-ontzien bereizgarria izandakoa (zuria, eta goialdean, ezkerretara, dado edo lauki gorri bat); 1845ean, ikurtzat hartu zuen uriak, eta haren erabilera ofizializatu zuten 2016ko azaroan.
  • Udaltzaingoa galako jantziarekin: Gaurko uniformea Bilboko Udaltzaingoaren lehen araudian ezarritakoaren arabera egina da; 1844ko azaroaren 8an sortu baitzen udaltzainen kidegoa, Federico Victoria de Lecea alkateak eskatuta. 1844ko araudiak honela deskribatzen du uniformea: "Kapelu erpindun beltz seta-felpazkoa, lokarri eta borla zuriduna, kasaka urdina txirikordarekin eta zuri dirdaitsuarekin, fraka otxar-tinduzkoak, eta sablea, soin-uhal beltz gerrian estutuarekin".
  • Beteluriko zin-jesarlekua: Erkoreka plaza erdiko lorategietan dago Beteluriko zin-jesarlekua, XVIII. mendeko eskultura garrantzitsu bat, 2003an aldatua egun dagoen lekura. Nabarmentzekoa da haren esangura historikoa, fidelen (auzo alkateen) zin egiteko eta jurisdikzio egintzetarako lekua baitzen, zeintzuetan alkatea izaten baitzen buru, herritarren kexuei erantzunez.
  • Udaletxea: Bilboko Udalaren eraikin nagusia Joaquín Rucobaren obra bat da. Osagai klasikoak eta barrokoak nahasten ditu, eta etxaurrean baditu Bilboko historiako pertsonaia handi batzuen bustoak, hala nola uriaren sortzaile Diego López de Harorena, Antonio Javier Gardoqui kardinalarena, Juan Martínez de Recalde amiralarena, Tristán de Leguizamón kapitainarena eta Nikolas de Arriquibar ekonomialariarena. Egunero-egunero, 12:00etan eta 18:00etan, kanpandorreko karilloiak beste bilbotar handi bat gogorarazten du, Juan Crisóstomo Arriaga musikaria, haren "Orkestra Handirako Sinfonia Re-n" izenekoaren minuetaren zati bat joz.
  • Bilboko Udalaren Txistulari Banda: Gaur egungo banda 2004an sortu zen arren, munduko danbolin-jotzaileen talde profesional bakarretako bat da, Erdi Aroko juglare eta musikarien udal taldeen oinordeko arteza. Txirularia bere danbolinarekin uriko jendaurreko ekitaldi handietako osagai bat da antzina-antzinatik.
noticias de deia