BEC - Barakaldo Exhibition Centre erakustokiak 'Food 4 Future - ExpoFoodTech 2021' ekimena jasoko du astearte honetatik, ekainak 15, ostegunera bitartean. Bertan 20 bat herrialdetatik etorritako elikagaien eta edarien sektoreko 5.000 profesional inguruk hartuko dute parte.

Albert Planas Food 4 Future biltzarraren zuzendari nagusiaren iritzian, "industriak industriarentzat prestatutako ekitaldi bat da, eta hainbat herrialdetako 170 enpresa-erakunde baino gehiagoren babesa du, betiere elikagaigintzako industriari laguntzeko asmoarekin, datorren hamarkadan herritar geroz eta adinduagoentzako elikadura osasungarriago sortzeko erronkei aurre egiten laguntzeko asmoarekin. Foodtech industria estrategikoa da mendebaldeko herrialdeetan; eta, hemen, Euskadin, aukera handia dugu sektorean berrikuntzaren aitzindari izateko”.

“Ospakizun hau berri handia da BECentzat eta lurraldearentzat”, adierazi du Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko sailburuak; haren ustean, "Euskadi, dagoeneko, kokatuta dago nazioartean bere gastronomiari esker, eta garaia da kokapen hori baliatzeko eta elikagaigintzako industriaren berrikuntzara eta digitalizaziora zabaltzeko. Food 4 Future biltzarrak aukera bikain bat dakarkigu, eta baliatu egin behar dugu erantzukizunik eta adimenik handienarekin".

Arantxa Tapiaren ustean, Euskadik lortu du dagoeneko berrikuntza elikagaigintzako balio-kate osoan sartzea, hainbat ordezkariren bidez, hala nola Neiker, agritech ikerkuntzan, AZTI, foodtech arloan, eta Basque Culinary Centre gastronomiaren arloan; halaber, baditu organismoak ere, hala nola EIT FOOD elikagaigintzako klusterraren hegoaldeko egoitza edo HAZI bera.