Jardunaldi telematikoa

Koronabirusak kulturan duen eraginari buruzko foroan parte hartuko du Aburtok

10.06.2021 | 17:37
Arriaga antzokiaren artxibozko irudia.

Koronabirusaren pandemia sortu zenetik kulturaren arloan izan duen eta hemendik aurrera izango duen eragina aztertzeko foro telematiko batean hartuko du parte gaur Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Hirien eta Tokiko Gobernu Batuen nazioarteko sareak antolatzen du jardunaldia.

Saioa 14:30etik aurrera egingo da, HTGBren Kultura Batzordearen barruan. Hain zuzen ere, Bilbok batzorde horretako presidenteordetza bat dauka eta paper aktiboa jokatzen du. Bilboko alkateaz gain, HTGBko kide diren beste hiri batzuen ordezkariek parte hartuko dute, hala nola Buenos Aires, Lisboa eta Mexiko hirietakoek.

Aburtok, bere hitzaldian, azpimarratuko du kulturaren aldeko apustu irmoa egitea oso garrantzitsua dela koronabirusaren osasun-krisiak sorraraziko erronkei aurre egiteko. Orobat, elkarlanaren beharra nabarmenduko du, hiriek eta tokiko gobernuek aurrean dituzten erronkei aurre egiteko tresna baita.

2021eko HTGBren KULTURAREN GAILURRA

Jardunaldi honetan bertan, HTGBren 2021eko Kulturaren Gailurra abian jarriko da; aurtengo egoitza Turkiako Izmir hiria izango da, eta irailaren 9tik 11ra bitartean egingo da. "Kulturak etorkizuna definitzen du" lelopean, gailurraren helburua da nazioartean biltzeko, hausnartzeko eta trukatzeko espazio bat sortzea, kulturaren sustapena errazten eta laguntzen duena, garapen jasangarriaren laugarren zutabea den aldetik.

Bi urtean behingo jardunaldi hau 2015ean Bilbon egin zen lehenbiziko aldiz. 2017an, berriz, Hego Korean egin zen, Jeju hirian. Eta 2019an, Argentinako hiriburuan, Buenos Airesen.

HTGB ETA KULTURA

HTGB tokiko agintarien nazioarteko erakunderik garrantzitsuena da mundu osoan. Hiriak, udalerriak eta nazio mailako udalerri-elkarteak hartzen ditu barruan, eta Nazio Batuen onarpena dauka.

Bilbo HTGBren kide aktiboa da sortu zen urtetik, 2004tik. 2013az geroztik, HTGBren Mundu Kontseiluko kide da. Une honetan, Bilboko alkateak zenbait kargu dauzka erakundean: HTGBren Mundu Kontseiluko kidea da, kontseilari politikoa da "Aukerak guztientzat, hirietako kultura eta diplomazia" izeneko Kontseilu Politikoan, eta Kultura Batzordeko presidenteordea da.

Gainera, Bizkaiko hiriburuak "Hiri Digitalen" Praktika-Komunitatea gidatzen du.

Bilbok HTGBn dituen helburuak dira nazioarteko hiri-sare garrantzitsueneko kide izatea eta erreferente izatea hainbat eremutan (berrikuntzan, teknologia berrietan, kulturan, tokiko garapenean, bitarteko hirietan eta abar). Hartara, Bilboko Udalak maila handiko nazioarteko foro tematiko eta espezializatuetan parte hartzen du. Horrela, kontaktu- eta kolaborazio-sare handi bat sortzen du nazioartean, jakintza eta esperientziak trukatzen ditu, nazioartean oihartzuna duten ekitaldiak ekartzen ditu Euskadira, eta sare honen bidez bere ahotsa Nazio Batuetara helarazten du.

HTGBren Kultura Batzordearen eginkizuna da kultura garapen jasangarriaren laugarren zutabea izan dadila bultzatzea, Kulturaren 21 Agenda nazioartean zabalduz eta toki guztietan finkatuz. Agenda hau tresna multzo bat da, 9 konpromiso eta 100 ekintzarekin, kulturak eta garapen jasangarriak hirietan euren artean dauzkaten harremanei buruzkoak. Agenda honen bidez, autoebaluazioa, berrikuntza politikoa eta kideengandik ikastea posible da.

 
noticias de deia