Artxanda Aktibatzeko Plana

Artxandari buruzko kontsulta egingo dio Bilbok merkatuari

25.05.2021 | 18:40
Artxandari buruzko kontsulta egingo dio Bilbok merkatuari.

BILBO. Artxanda Aktibatzeko Planaren barruan lehenengo emakiden lizitazioa planifikatu ahal izateko, Merkatuko Aldez Aurretiko Kontsulta bat egingo du Bilboko Udalak.

Sektore Publikoko Kontratuen Legeak atariko kontsulten araubidea jasotzen du. Horiekin, kontratugileak –kasu honetan, Bilboko Udalak, Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailaren bidez– pertsona fisiko edo juridikoen parte-hartzea sustatu nahi du, proiektu zehatzen bidez zenbait beharrizani erantzuteko proposamenak aurkezteko. Horrela, etorkizun hurbilean lizitatu daitezkeen proiektuen definizioa eta irismena hobetuko dituen informazioa emango du.

Alde horretatik, Bilboko Udalak merkatuko kontsultarekin lortu nahi duen helburua da eredu publiko-pribatu jasangarriak bilatzen jarraitzea, bai ingurumenari bai ekonomiari dagokionez, Artxanda Aktibatzeko Planean zehaztutako espazioetan aktibazio sozial eta ekonomikoa gerta dadin.

Gaur goizean Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziak eta Xabier Zubiaur Sondikako alkateak zehaztu duten bezala, erlaitzean kokatutako hiru lurzatitan egingo da kontsulta:

  • Egirleta
  • Pike bidea
  • Bagatza bidea

Orain, bakoitzari bere jarduera-proiektua eman behar zaio. Lurzati bakoitzaren neurriek, bertan dauden eraikuntzek eta indarreko legeriak zehaztuko dituzte proiektu horiek; era berean, Artxandako ingurua bultzatzen laguntzeko helburu estrategikoa baldintza nagusia izango da.

Proposamenek teknikoki, ekonomikoki eta eskumenen aldetik bideragarria den eredu baten aurrerapen posiblea eskaini beharko dute, indarguneak eta aukerak nahiz ahuleziak eta mehatxuak aipatuz, proiektua ezarri eta ustiatu arte.

Kontsultaren emaitzak aztertu eta egiaztatu ondoren, espazio horien emakida izango da hurrengo urratsa. Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Sailak darabiltzan epeen arabera, uste da datorren urteko lehen hiruhilekoan hasi ahal izango direla emakidaren prozesuak.

Bilboko eta Sondikako Udalek sinatutako Artxanda Aktibatzeko Planaren helburua da inguru horren aukerak indartzea, berez daukan natur eta jasangarritasun balioari eutsiz uneoro. Alde horretatik, ekonomia suspertzeko eta adin guztietako jendea erakartzeko lan egingo da —eta merkatuko kontsulta horren adibidea da—, helburu argi batekin: ingurune hori topagune eta aisialdiko erreferente bihurtzea, naturala, familiakoa, jasangarria eta egunekoa, egoiliarren eta bisitarien osasuna eta ongizatea bultzatuz, eta natur ingurunea ezagutzea eta haren babesa defendatuz.

Plan horren barruan sartzen dira, halaber, Enekuri eta Egirleta arteko Begiratokiko pasealekua –lizitazio fasean dagoena- egitea eta 66.700 metro koadro izango dituen Topaleku parke berria sortzea, urte amaierarako prest egongo dela kalkulatzen baita.

EGIRLETA EREMUA

Hiru lurzatietatik zabalena da eta era askotako paisaiak dauzka. 331.593 metro koadroko azalera dauka eta eremu lauek, zuhaiztiek, estali gabekoek eta malda handiko beste eremu batzuek osatzen dute.

Hegoaldean BI-3741 eta BI-631 errepideekin muga egiten du, eta mendebaldean auzo-bide batekin. Iparraldeatik, Egirleta bidetik sartzen da. Eta inguruan daude Animalien Kontroleko Udal Zentroa, Bilbogarbi finkoa eta erabiltzen ez den irrati-eraikina.

Bilbobus eta Bizkaibusen bidezko garraio publikoarekin ezin hobeto lotuta dago –geralekutik 50 metrora, hain zuzen– eta funikularra 8 minutura dago oinez. Gainera, Eraztun Berdearen zenbait ibilbidetatik joan daiteke bertara.

Bilboko Udalaren asmoa da bertan aisialdi pedagogiko, ludiko eta umeentzako jardueren Zentro bat –eremu publiko-pribatua– garatzeko aukera aztertzea, natur ingurunearen ezagutza bultzatzeko. Era berean, eraikinetatik eta hotel-irudi klasikoetatik urrun dauden ostatu naturalak ere egon daitezke, ingurune naturalera eta indarrean dagoen legeriara egokituta.

PIKE EREMUA

54.814 metro koadroko lurzatia da, eta muga egiten du hego-mendebaldean BI-3741 errepidearekin eta ekialdean Pike bidearekin. Oso ondo konektatuta dago. Bilbobuseko geralekua 50 metrora dago, eta funikularra eta Matikoko metroaren geralekua 6 minutura eta 28 minutura daude oinez, hurrenez hurren.

Lurzatia Pikotamendiko merenderotik oso gertu dago, eta mahaiak, iturriak eta umeentzako jolasak ditu. Izan ere, merenderoko aparkalekua lurzatiaren barruan dago.

Malda ertaina dauka eta zuhaitz handiak ditu azaleraren zati handi batean.

Kasu honetan, Udalak honako hau planteatzen du: bertan familientzat abenturazko aisiako jarduerak garatzeko aukera aztertzea, entretenimendu- eta trebetasun-zirkuitu ludikoen bidez. Gainera, eraikinetatik eta hotel-irudi klasikoetatik urrun dauden ostatu naturalak ere egon daitezke, ingurune naturalera eta indarrean dagoen legeriara egokituta.

BAGATZA EREMUA

Lurzati horrek 73.145 metro koadroko azalera du eta 100 metroko desnibela. Hiru plataforma lau ditu kota altuenean. Zuhaitz ertainak daude eremuaren erdian baino gehiagotan.

Sangronizetik abiatuta, Bagatza Bidetik joan daiteke bertara, eta ondo konektatuta dago garraio publikoari esker: Bilbobuseko geralekutik 5 minutura dago oinez, funikularretik 29 minutura oinez eta Sondikako metroaren 3. lineako geltokitik 26 minutura dago oinez.

Bertan, Bilboko Udalak aire zabaleko exijentzia- eta intentsitate-diziplina berriak garatzeko aukera aztertu nahi du, ingurune naturalean behar bezala integratuta, indarrean dagoen legediaren arabera.

FUNTZIONAMENDUA ETA PROPOSAMENAK AURKEZTEA

Merkatuko aldez aurretiko kontsultari buruzko informazioa Udalaren webgunean, Kontratugilearen Profilean eta Sektore Publikoko Kontratazio Plataforman jarriko da.

Horri erantzun ahal izateko, Udalak interesdunen eskura jarriko ditu kontsultaren xede diren lurzatien gaineko informazioa eta dokumentazioa eta Artxanda Aktibatzeko Planaren informazio agiriak.

Kontratazioko Zuzendaritzan jasoko dira proposamenak posta elektronikoz (contratacion@bilbao.eus). Pertsona fisiko edo juridiko bakoitzak bat baino gehiago aurkez ditzake, bai euskaraz bai gaztelaniaz.

Bilboko Udalak ez du deialdi honetan aurkeztutako proposamenak finantzatzeko edo onartzeko obligaziorik.

noticias de deia