64.000 bonu baino gehiago

24 orduan agortu dira merkataritzarako bonuak

07.05.2021 | 11:18
Bi emakume denda bateko erakusleihoa begiratzen.

BILBO. Aurreko aldietan gertatu den bezala, denbora errekorrean agortu dira Bilboko Udalak merkataritzaren sektoreari laguntzeko kaleratutako bonuak. Guztira, 64.000 bonu baino gehiago saldu dira 24 ordu baino gutxiagoan. 

Guztira, 64.115 bonu izan dira (aurreko kanpainan 48.000 izan ziren), eta maiatzaren 5eko, asteazkena, 16:0etan aktibatu zen bonuak eskuratzeko aukera, webgunea martxan jarri zenean. 65 urtetik gorakoentzat gordetako gutxi batzuk baino ez dira geratzen, baina, ziur asko, laster agortuko dira.

Bonuak Abandon eta Ibaiondon agortu dira lehenengo, baina hortik gutxira Zorrotza/Basurtu, Begoña, Deustu, Otxarkoaga/Txurdinaga, Uribarri eta Rekalde barrutietan agortu dira.

Aurreko edizioetan bezala, herritarrek oso jarrera ona erakutsi dute bonuak webgunearen bitartez etengabe eta arin eskuratzen. Kanpaina guztietatik lehen agortu dena izan da.

Trukatzeko azken eguna ekainaren 30a bada ere, dagoeneko 11.730 bonu kontsumitu dira establezimenduetan.

AURREKONTU HANDIAGOA ETA BONU GEHIAGO BILBON

Gogoan izan behar dugu Bilboko Udalak, guztira, milioi bat euroko inbertsioa egin duela, baita ere inbertsio horrek 4,4 milioi euroko negozio-bolumena ekarriko diola hiriari.

Edizio honetan zenbait berritasun gehitu dira: aurrekontu handiagoa, bonu gehiago, saltoki berriak (ile-apaindegiak, estetika, masajeak, argazkigintza, garbitegiak eta gimnasioak) eta bonuen ehuneko bat teknologia berrietara ohituta ez dauden 65 urtetik gorako pertsonei gordetzea, establezimenduetan bertan erosi ditzaten.

Oraingoan ere, bonu bakoitzak 30 euroko balioa izango du, eta udalak horren erdiaren ekarpena egingo du.

NAN bakoitzarekin eskuratu ahal izan diren bonuen kopuruari dagokionez, 5 eskuratu ahal izan dira (aurreko kanpainan, gehienez ere, 20 bonu eskuratu zitezkeen merkataritza, kultura, ostalaritza eta turismoko lau faseetarako, azken fasea aktibatzeke badago ere). Erosketa-tiket bakoitzeko, gehienez ere, 4 bonu erabili ahal izango dira. Erabiltzaileak bonuaren QR kodea aurkeztu beharko du erosketa egiterakoan edo, bestela, inprimatuta aurkeztu. Bilboko Bonuak, halaber, bateragarriak eta pilagarriak dira beste administrazio batzuek abiarazitako kanpainekin.

Establezimenduei dagokienez, 150 bonura arteko muga dute.

Bilboko Bonuak Bilbao Aurrera 2021 Planeko neurri garrantzitsuenetako bat dira. Hamabost milioi euro baino gehiago bideratu dira plana garatzeko; gainera, udal-ordezkaritza duten talde politiko guztiekin adostu da plana, eta pandemiako sektorerik kaltetuenak babestea du xede.

noticias de deia