BILBO. Hemen da dagoeneko 'Eszena Kalera' programa. Asteazken honetatik aurrera, maiatzak 5, eta irailera arte, Euskal Herriko 27 konpainiek 77 ikuskizun baino gehiago eramango dituzte Bilboko auzoetara.

Programa honek publiko mota guztientzako ikuskizunak proposatzen ditu, euskaraz, gaztelaniaz edo bi hizkuntzetan.

Ekimenaren xedea da auzoetara arte eszenikoen proposamen askotariko bat irits dadila, kaleak animatzea eta era honetako ikuskizunetan auzokoen partaidetza eta harremana sustatzea; gainera, kaleko arte eszenikoetan diharduten bertako taldeei, batez ere, aukera eman nahi zaie euren lanak jendeari erakusteko.

"Eszena Kalera" programazioaren barruko ikuskizun hauek guztiak kalean gozatzeko daude pentsatuta eta prestatuta, batez ere, eta, hala, espazio publikoa bihurtu nahi dute beren agertoki eta topaleku, kalitatezko kultura 0-km-ko bat gozatu nahi duten guzientzat, Udalak tokiko kultur eragileei eta talentuari eskua luzatzeko egina duen apustuaren barruan.

"Eszena Kalera" programaren 2021eko aldi honetan, honako konpainia eta artista hauek parte hartuko dute: Bapatean Zirko Zirkua-Clowna, Berdinki, Bihotx, Cía. Barsanti, Cía. Dikothomia Zirkua, El Mono Habitado, Cía. Muu, Erre Produkzioak, Euskal Magoak, Gemma Martínez E Ibon Belandia, Haatik Dantza, Intujai Teatro, Kantu Kolore, Larutan, Input, Madiber, Malas Compañías Zirko Taldea, Markeliñe, Martula Klown Fem, Mulixka Dantza Taldea, Sarini Zirko, Sinvergüenzas Exprésate, Trapu Zaharra eta Zanguango Teatro.

Programa honetako 80 hitzorduen artean, nabarmentzekoa da Zangaungo Teatro taldearen "Al otro lado" proposamena, zeinak Kaleko Ikuskizun Onenaren MAX saria irabazi baitzuen 2020an. "Al otro lado" antzezlanean, fikzioaren eta errealitatearen arteko mugak desagertu egiten dira, eta norbera den horren ikuspegi edo bertsio berriak ematen dira ikustera.

Halaber, Bilboko auzoetara hurbilduko da Berdinki konpainia ere, "Mikra" ikuskizunarekin, 2020ko deialdian Karrikan Plataformaren barruan irabazle gertatu zen ikuskizunetako bat. "Mikra" antzezlanean, akrobaziaren bidez eta abiapuntutzat hartuz generoaren eta rolaren arteko harremana, pertsonen jarrerak deseraiki egiten dira, ikusteko zenbateraino oinarritzen diren kultur kargan eta balio arrotzetan.

Bestalde, Trapu Zaharra eta Cía. Barsanti taldeek, kaleko arteen arloko Euskadiko bi konpainiarik onenetakoek "El candidato" eta "Legea gu gara/ omos la ley" estreinatuko dute.

Era berean, aipatzekoak dira orobat "Piraten istorio bat", "Diberti - dantza" eta "Meri, Mari eta Lari" proposamenak ere, hurrenez hurren Erre Produkzioak, Deabru Beltzak eta Eidabe antzerki-taldeenak, batez ere familientzako diren ikuskizunak.

Proposamen horrekin eta gainerakoekin dator osatuta Bilboko kaleko arteen zirkuitu honen programazioa, eta, berarekin, Udalak indartu egingo du kultur programazio deszentralizatuaren alde egiteko eta arte eszenikoak sustatzeko apustua.

SARRERAK ETA ERRESERBAK

Sarrera doan izango da, eta aldez aurretik lekua gordetzeko aukera ere izango da, webgune honetan. Bakoitzak bina (2) sarrera erreserbatu ahal izango ditu gehienez, ikuskizuna hasi baino 48 ordu lehenagotik hura hasi eta hura abiatu baino 2 ordu lehenagora arte, eta ikuskizuna hasi baino 15 minutu lehenagora arte izango dute balioa.

Ordutegien, lekuen eta daten gaineko informazioa hemen begiratu daiteke.

#BILBAOUDABERRIA2021

Kaleko arteen zirkuitu honen egitaraua #BilbaoUdaberria2021 udal ekimenaren barruan dator, zeinak aisialdirako eta kulturarako planez beteko baitu uria udaberri honetan, higiene eta osasun berme guztiekin.