Banatzen hasi da

#BilbaoAurrera2021 plana, protagonista InfoBilbaoren ale berrian

25.02.2021 | 11:37

BILBO. Koronabirusaren pandemiaren krisialdiak urian eragindako ondorio eta kalteei aurre egiteko Bilboko Udalak martxan jarritako #BilbaoAurrera2021 izeneko plana izango da protagonista InfoBilbao udal informazio-buletinaren ale berrian. Dagoeneko, etxez etxe banatzen hasi dira.

Iazko maiatzean Udalean ordezkatutako indar politiko guztiek koronabirusaren pandemiaren hasierako ondorioei berehalako erantzuna emateko onartu zuten #BilbaoAurrera2020 planak izandako harrera onaren harira, Bilboko Udalak #BilbaoAurrera2021 deritzon ezohiko pan berria abiarazi du azken hilebetotan egindako lanari jarraipena emanez, eta 15,1 milioi euroko guztizko aurrekontua jarri du erabilgarri, gizarte-kohesioa, kultura eta ekonomia eta enpleguaren arloko 43 neurri zehatz aurrera ateratzeko.

Planean jasotako jarduerak urteko lehen seihilekoan garatuko dira nagusiki, eta pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreak izango ditu ardatz, hala nola, tokiko merkataritza txikia, ostalaritza eta jatetxeak, turismoa eta kultura eta sormen-industriak.

Horrela, #BilbaoAurrera2021 Planak 9,8 milioi euro bideratuko ditu ekonomia eta enplegua suspertzeko, eta horretarako, dagoeneko ezagunak diren neurriez gain (Enplegu Planak eta Bilbao Bonuak, kasu), berariazko ekintzak eta neurriak abiaraziko ditu ekintzailetzarako eta lehiakortasuna hobetzeko, turismoa sustatzeko eta merkataritza-jarduera dinamizatzeko, baita etxebizitzak birgaitzeko obra txikietarako laguntzak eta zerga arloko hobariak eta salbuespenak ere.

Era berean, #BilbaoAurrera2021 Planak zenbait neurri aurreikusi ditu hainbat erakundek sustatutako kultura-jarduera eta sorkuntza-proiektuak bultzatzeko, milioi bat euroko guztizko inbertsioa tarteko.

Azkenik, planak 4,2 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du koronabirusaren krisi sanitario eta sozioekonomikoak gehien kaltetu dituen pertsonen egungo babes soziala sendotu eta bermatzeko, udal laguntza berezien bitartez eta adinagatik zein egoera sozioekonomikoagatik kalteberatasun edo bazterketa sozialeko arriskuan dauden pertsonei zuzendutako programak indartuz.

InfoBilbao berri honen 150.000 ale banatuko ditu guztira, etxez etxe postontzietan sartuta eta udal zentro eta ekipamenduen sarearen bitartez (Udaltegiak, kiroldegiak, liburutegiak...). PDF formatuan ere eskura daiteke bilbao.eus webguneko "Udalaren argitalpenak" atalean.

noticias de deia