Beste hiriekin batera

Bilbok parte hartu du administrazio publikoari aplikatutako kulturarteko gaitasunei buruzko eskuliburuan

13.01.2021 | 16:12

BILBO. Bilbok parte hartu du Europako Kontseiluaren Intercultural Cities programak finantatutako 'Administrazio publikoko proiektuen garapenari aplikatutako kulturarteko gaitasunak' izeneko proiektuan, Castellò de la Plana eta Donostiako udalerri eta Tenerifeko uharteko kabildoekin batera.

Parte hartu duten tokiko administrazioekin batera lanean jardun den zientzia-taldea honako hauek osatua izan da: Matiz Bilboko elkartea eta Tenerifeko La Lagunako Unibertsitatea; bestalde, proiektuaren zabalkunderako proiektu grafikoa, marrazkiak eta animazioak La Laguna Unibertsitateko diseinu, ikusizko pentsamendu eta zerbitzu grafikoen arloko Bisagra Transferentzia Unitateak garatu ditu.

Ekimen hau abiarazi da Kulturarteko Hirien Espainiako Sareak(Red Española de Ciudades Interculturales, RECI) zenbait beharrizan agertu zituelako Esku hartzeko 2020ko Planean, eta haiei erantzutearren, plan horretan jasotzen baita egokia litzatekeela beharrezkoak diren ezagutzak eskuratzeko tresna praktikoak lantzea eta garatzea, hiri batzuek eta besteek dauzkaten beharrizanei erantzutearren.

Administrazio publikoko langileen kulturarteko gaitasunak garatzea gakoa da aurrera egiteko kulturartekotasunean indartsuak eta sendoak izango diren hiriak eta lurraldeak eraikitzeko bidean. Administrazioaren zerbitzura kulturartekotasunean gaitutako langileak arituz gero, hobetu egiten dira udal zerbitzuak, erabiltzaileak areago gogobetetzen dira, eta konfiantza eta kidetasun sentimendu handiagoa sortzen laguntzen da.

Alabaina, azterlan eta tresna praktiko gutxi sortu dira kulturarteko gaitasunak garatzearen inguruan toki administrazioetako langile tekniko eta kargu politikoentzako. Prozesu horren emaitza moduan, gaur, Gida bat eta bideo tutorial bat ematen dira argitara, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez (aurki valentzieraz ere bai).

Era berean, 2021ean zehar, lurralde bakoitzean ikastaro bat eskainiko zaie parte hartzen duten administrazio publikoetan lan egiten duten langileei beren-beregi; izan ere, 10 orduko on line formazio-modulu baten proposamen bat ere landu da. Formazio hori RECI sarea osatzen duten gainerako hiriei ere zabaldu ahalko zaie.

Ekimen hau, bestalde, Garapen Jasangarriko Helburuen artean dago, eta 2030 Agendaren etorkizuneko ikuspegi bera du, zeinak "mundu zuzenago, berdintasunezkoago, toleranteago, irekiago eta gai sozialetan inklusiboago" baterantz eraman nahi baikaitu, non "jatorri etnikoari eta kultur dibertsitateari begirunea gordeko baitzaie eta non aukera berdintasuna izango baita, gizakiaren ahalmenak osoki gauzatu ahal izateko eta oparotasun konpartitu bat lortzen laguntzeko."

Iazko maiatzean hasi ziren 4 administrazio publikoen eta zientzia-taldeko bi entitateen arteko koordinazio lanak. Prozesua hiru fasetan gauzatu da, zeintzuek parte hartzeko era bateko eta besteko metodologiak ekarri baitituzte.

LEHENENGO FASEA: LAGINKETA KUALITATIBOA ETA EGOERAREN DIAGNOSTIKOA

Lehenengo fasean, laginketa bat egin zen Administrazioaren arlo batzuetako eta besteetako profesionalen artean, jakitearren zer zalantza izaten dituzten kulturartekotasunari buruzko ekimen eraginkorrak diseinatu, ezarri eta ebaluatzeko orduan.

Lau toki-korporazio horietan era bateko eta besteko arloetan lan egiten duten 65 profesionalek parte hartu zuten galdetegiari erantzunez, eta asmoa zen jakitea zein neurritan heltzen dioten kulturartekotasunari beren eginkizunak betetzean. Zientzia-taldeak ustiatu zituen bildutako datuak. Horrenbesterekin, hiru faseetako lehena burutu zen toki-administrazioaren zerbitzuko profesionalen artean kulturarteko gaitasunak garatzeko proiektuan.

Proiektuaren lehenengo fase horretan, halaber, tokiko korporazioetako langileek beren esperientzia eta ikuspegiak azaldu ahal izan zituzten beren administrazioek sustatzen edo finantzatzen dituzten eta kulturartekotasunaren ikuspuntutik gaitasuna duten ekimenen diseinuaz, egikaritzeaz eta ebaluatzeaz. Era horretan, galdetegiaren emaitzek dagoeneko erakusten dute lurraldeko kultur dibertsitateak, askotan, eskaera berriak dakartzala lan egiten duten sailetara edo zerbitzuetara.

Era berean, interesa agertu zuten prestakuntza eta formazioa lortzeko "kultur jokamolde batzuetarako eta besteetarako baliabideak eta zerbitzuak egokitzearren": zerbitzu eta baliabide horiek dira, esaterako, konfiantza sortzen jakitea, informazioa ematea, aldatu beharreko egoera interpretatzen jakitea edo, halaber, ezagutzea zer balio diren nagusi edo zeintzuk diren igurikipenak". Izan ere, galdetegiari erantzuten parte hartu zutenen artean askok uste dute ez daukatela behar beste kulturarteko gaitasun.

BIGARREN FASEA: ESKULIBURUA IDAZTEA ETA ALDERATZEA

Ondoren, galdera horiei proiektuaren bigarren fasean eman zaie konponbidea: bigarren fase horretan, proiektu praktikoak lantzeko eskuliburu praktiko bat idatzi behar zen, administrazio publikoetako langileei erakustearren zeintzuk diren kontuan hartu beharreko gakoak kulturarteko ikuspegi bat duten ekimenak diseinatzeko prozesuan. Eskuliburu hori, gainera, toki administrazioen sektore-eskumen batzuetarako eta besteetarako izango da baliagarri, bai eta entitate pribatuen proposamenak ebaluatzeko ere, haiek Udalaren diru-laguntzetarako edo lizitazio publikoetarako deialdietan parte hartzen dutenean.

Eskuliburuaren xede nagusia da administrazio publikoen zerbitzuko langileei gida bat eskaintzea eta kulturarteko gaitasunaren kontzeptua praktikara ekartzea administrazio publikoek gauzatzen dituzten proiektuen fase batzuetan eta besteetan (asmatzea, diseinatzea/formulatzea, egikaritzea eta ebaluatzea). Hori dela-eta, beharrezkoa da atal teoriko sendo bat sortzea kultur dibertsitatearen eta immigrazioaren kudeaketa-ereduen gainean, hartara kulturartekotasunaren maistreaming edo joera nagusietan kokatu ahal izateko edo kulturartekotasuna zeharkakotasunez berenganatu ahal izateko (1.etik 6.era arteko kapituluak).

Bestalde, 7.etik 11.era arteko kapituluetan, ikuspegia da proiektuaren ziklo osoan heldu ahal izatea kulturartekotasunaren paradigmari ikuspuntu praktiko batetik, eta, gainera, gako oso interesgarriak ematen dira, kulturartekotasuna kontratazio publikoaren bidez sustatzearen inguruan edo gizarte entitateentzako edo beste kolektibo batzuentzako laguntza publikoetarako lerroen inguruan.

Bigarren gai-atal horrek ez du bakarrik tokiko esperientzia kopuru handi samar bat eskaintzen, beren-beregi ere heltzen dio erantzukizun politikoa duten pertsonek kulturarteko bizikidetza sustatzeko duten zeregin erabakigarriari. Konpromiso eta borondate politikoa ezinbestekoak dira kulturartekotasunean biziko diren gizarteak sustatzeko. Are eta gehiago, gaineratu ahal da ezen lidergo politiko ausart bat behar dela, berrikuntza maila handiak ekar ditzakeena kudeaketara, etorkizuneko gizartearen beharrizanei erantzuteko.

Arduradun politikoen parte hartzea eta konpromisoa funtsezkoak dira. Haien uste sendoa administrazioaren barruan hedatuko da, eta guztiz eragingarria ere izango da kanpoko eragileei begira, hala nola hedabideak, gizartearen, ekonomiaren edo kulturaren arloetako eragile nabarmenak, eta, horrez gain, dibertsitateari buruz jarrera publiko positiboak gara daitezen eta iraun dezaten sustatuko dute.

HIRUGARREN FASEA: FORMAZIO MODULUA ETA BIDEOA

Lehenengo bi faseetan sorrarazitako ezagutzak ekarri du hirugarren fasean formazio praktikoko modulu bat prestatu ahal izatea, aukera emango duena tokiko korporazioekin lotura duten pertsonek arian-arian barnera ditzaten ezinbestekoak diren osagaiak sektore publikoak sustatutako edozein proiektuk kulturartekotasunaren ikuspegia aintzat har dezan. Eskuliburuko ideia garrantzitsuenak bideoan jaso dira, irudi bizidunak dituen infografia batean, eta, beraren bidez, proiektuaren eta haren xedeen zabalkundea egingo da, eta agerira ekarriko.

noticias de deia