BILBO. Ostegun honetan, abenduak 30, salgai jarriko dira Errege Magoak Bilbao Arenan ikusi ahal izateko sarrerak. Urtarrilaren 5ean, asteartea, 'Gau Magikoa' izeneko musika-formatuko ikuskizuna eskainiko dute. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, ikuskizuna ikusteko lekuak mugatuak izango dira, eta neurri sanitario guztiak hartuko dira ikusleen segurtasuna eta osasuna bermatzeko. Mugikortasun murriztua duten pertsonentzako lekua izango da eta zeinu-hizkuntzaren interpretea egongo da.

Sarrera bakoitzeko 2 euroko prezio sinbolikoan eta erosketa bakoitzeko 4 sarrerako mugarekin, bihar, abenduaren 30ean, goizeko hamarretan hasita erosi ahal izango dira Kutxabanken webgunearen eta zerbitzu anitzeko kutxazainen bidez. Sistema horren bidez sartuko den jende kopuruaren muga kontrolatu nahi da, eta eragotzi, aldi berean, ez dadila erreserbatu gero erabiliko ez diren sarrerak. Udalak aholkatu du adingabeei lekua uztea, haiek baitute lehentasuna ikuskizun horretaz gozatzeko, eta pertsona heldu bat bakarrik izatea haiekin doana.

Udalak magia eta ilusioa bermatuko dituen formatua diseinatu du, baina baita hiru Errege Magoen, haien laguntzaileen eta haiek ikustera joaten diren familia guztien osasuna ere. "Gau Magikoa" iraupen laburreko musika-ikuskizuna da, 40 minutu ingurukoa, eta bost emanaldi izango ditu urtarrilaren 5ean (martitzena). Kontuan hartu behar da Bilbao Arenan 400 pertsona sar daitezkeela emanaldi bakoitzeko segurtasun araudia betetzeko, eta ordubete behar denez emanaldien artean garbiketa-lanak egiteko, honela antolatu dira emanaldiak: