BILBO. Abenduaren erdialdean amaituko da enpresek Bilboko Enplegu Planeko kontratazioak egiteko laguntzak eskuratu ahal izateko epea.

Bilboko Udalak eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak tokiko enpresetan 700 pertsona baino gehiago kontratatzea sustatuko dute Bilboko 2020-2021eko Enplegu Planaren esparruan. Horrela, hiribilduaren ekonomia berraktibatu nahi dute.

Gaur egungo testuinguruan enpresa-sektoreak aurre egiteko dituen zailtasunei erantzuteko asmoz, enpresa pribatuetan sortzen diren lanpostuen kopurua handitu nahi da, hau da, 701 pertsona kontratatu, iazko enplegu-planean baino 61 pertsona gehiago (2019. urteko zenbatekoa 640 enplegu berri izan zen).

Bilbao Ekintza Udal Elkarteak arreta eta informazio zerbitzua eskaintzen du 94 420 53 21 telefono zenbakiaren edo ayuda@bilbaoekintza.bilbao.eus helbide elektronikoaren bidez.

ENPRESENTZAKO LAGUNTZAK: 9.000 EURO KONTRATU BAKOITZEKO

Tokiko enpresek, gehienez ere, 9.000 euroko laguntzak jaso ahal izango dituzte bereziki kaltetuta dauden kolektiboetako pertsonak sei hilabetez edo gehiagoz kontratatzeko. Horrez gain, 3.000 euro arteko laguntzak eskuratu ahal izango dituzte hiru hilabetez lanaldi osorako egiten duten kontratu bakoitzagatik, eta 6.000 euro sei hilabetez edo gehiagoz lanaldi osorako egiten duten kontratu bakoitzagatik.

Era berean, lan-merkatura sartzeko prozesua bidezkoa izan dadila sustatzeko, emakumeak kontratatzen dituzten enpresek % 10eko gehikuntza izango dute jasotzen dituzten laguntzetan. Horrez gain, azken hilabeteetan hiriko langabeziak gora egin duela ikusita, lehentasuna emango zaio enplegua covid-19aren ondoriozko alarma-egoera deklaratu ondoren galdu duten pertsonak kontratatzeari. Diru-laguntzaren %50a emakumeak kontratatzen dituzten enpresentzat zuzenduko da.

Beste alde batetik, enpresak ezingo du langile bera kontratatzeko beste dirulaguntza bat eskatu, aurreko deialdietan dagoeneko langile horri dagokion dirulaguntza jaso badu.

LEHENTASUNA EMANGO ZAIO ZAILTASUNAK DITUZTEN KOLEKTIBOAK KONTRATATZEARI

3.000 €-rainoko edo 6.000 €-rainoko laguntzak eskuratzeko, enpresek langabezia-egoeran dauden pertsonak, bai eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda eduki eta hiribilduen erroldatuta egon ere kontratatu beharko dituzte.

9.000 €-ko laguntzak jaso nahi dituzten enpresen kasuan, talde hauetakoren bateko pertsonak kontratatu beharko dituzte:

Diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen dituzten onuradunak edo titularrak

  • Iraupen luzeko langabeak
  • 35 urte baino gutxiagokoak
  • 55 urtetik gorako pertsonak

2020-2021EKO ENPLEGU PLANA

Enpresek langileak kontratatzeko laguntza horiek Bilboko 2020-2021eko Enplegu Planaren testuinguruan emango dira. Anbizio handiko programa bat da, eta, guztira, 1.012 lanpostu berri sortuko dira lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten bilbotarrentzat.

Orotara, 10,9 milioi euroko inbertsioa egingo da. Eusko Jaurlaritzak 8,9 milioi euroko ekarpena egingo du, eta Bilboko Udalak, berriz, 2 milioi euro gehiago jarriko ditu, hau da, iaz baino 600.000 euro gehiago. Lanpostu guztietatik, udalak zuzenean 311 enplegu kudeatuko ditu Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez

Hiribilduan orain arte sortutako enplegu-aukerarik garrantzitsuena da, eta eskura dauden baliabide guztiak bideratuko dira covid-19ak eragindako krisiari aurre egin ahal izateko.

Enplegu Plan honi dagokionez, hiriaren jarduera ekonomikoa suspertzea izango da helburua; horretarako, lanpostu berriak sortuko dira. Gainera, zaurgarritasun-egoera larrienetan dauden kolektiboak lan-merkatura sartzea erraztu nahi da. Xede hori are gehiago sendotu behar da birusak munduan sortu duen krisiaren ostean.