BILBO. Datorren igandean, azaroak 1, Domu Santu eguna ospatuko da. Egun horretan, jendeak kanposantuetara joateko ohitura dauka. Bada, aurten, koronabirusaren pandemiari aurre egiteko ezarritako mugikortasun murrizketak direla eta, bilbotarrak ezin izango dira Derioko kanposantura joan. Atzo, hilak 26, Bilbao Zerbitzuak erakundeak, egun horri begira, plan berezi bat ezagutarazi zuen, baina bertan behera geratu behar izan da Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurriak direla eta.

Agertokia aldatu egin da. Eusko Jaurlaritzak atzo argitaratutako aginduaren bidez, pertsonen mugikortasuna bizilekua finkatuta duten udalerrietara mugatuko da. Agindu horren arabera, Bilboko herritarrek ezin izango dute Derion dagoen Bilboko hilerrira joan murrizketa horiek irauten duten bitartean.

Halaber, gaurtik aurrera Bilboko hilerrira bisitak egiteko ordutegia 8:00etatik 14:00etara murriztuko da.

Sarbide muga horiek ez zaizkie aplikatuko Bilboko hilerrira errausketetara eta ehorzketetara joan behar duten familiei. Horietan, ezarrita dauden osasun neurriei buruzko protokoloak aplikatuko dira.

LOREAK JARTZEA

Atzo aurreratu zen bezala, eta murrizketa berriak direla eta, Bilbao Zerbitzuak erakundeak sarbidea emango die lore moztuak saltzen dituzten enpresei, euren zerbitzuak kontratatu gura dituzten pertsonen loreak utz ditzaten. Behar bezala identifikatutako enpresei bakarrik utziko zaie sartzen.

DEUSTUKO HILERRIA

Udalerri barruko espazioa denez, ordutegiari buruz atzo zabaldutako neurriekin jarraituko da: urteko egun guztietan 08:00etatik 15:00etara eta azaroaren 1ean 08:00etatik 18:00etara.