BILBO. Gaur, hilak 21, asteazkena, martxan jarri dira Uribarri auzoaren irisgarritasuna hobetuko duten igogailuak eraikitzeko lanak. Konkretuki Bakio, Gorliz, Santurtzi, Plentzia eta Tutulu eta Lezamako trenbide zaharreko bidean egingo dira.

Jardunaren eremua Artxanda mendiaren hegaletan dago, eta, hala, desnibel handiak daude goiko eta beheko aldearen artean, 35 metro ingurukoak.

Lehenagoko jardunetan, Udalak dagoeneko ipinita zeuzkan bi igogailu, bat C Uribarri zeharkalean, Maurice Ravel etorbidearekin lotzeko, eta bestea Tutulu kalea Bakio kalearekin lotzeko. Horrek eta Trauko eta Kristo kaleetako elementu mekanikoek aukera ekarri diete auzotarrei irisgarritasun unibertsala izateko Udaletxetik hasi eta auzoaren goiko alderaino, Lezamako trenbide zaharreko bideraino. Uribarri mendebaldearen irisgarritasunaren aldeko neurriak osatu egin ziren, ostean, metroaren 3. linea iristearekin.

Orain, irisgarritasun unibertsala auzoaren ekialdera eroan da, non hobetu egingo baitira Tutulu kaleko Maurice Ravelekiko bidegurutzearen eta Lezamako trenbide zaharreko bidearen arteko loturak, bi igogailu bertikal ipiniz, arrapalak ezarriz eta kaleetako batzuk egokituz oinezkoen eta ibilgailuen arteko gune partekatua izateko; oinezkoentzako zuzeneko sarbideak ere egingo dira Gorliz kaletik, zeinaren kale barrenak ez baitu irteerarik, Santurtzi kalerantz.

EREMUAREN EGUNGO EGOERA

Jardun eremua Maurice Ravel kalearen eta Lezamako trenbide zaharreko bidearen artean dago, Uribarri auzoaren ekialdean, hau da, kale hauek hartzen dituen eremuan: Tutulu, Bakio, Santurtzi, Gorliz, Plentzia eta San Balentin Berriotxoa. Maurice Ravel etorbidea eremuaren behereneko aldean dago, eremuarekiko paraleloan, gutxi gorabehera. Goiko aldean, kale hauek daude: Bakio, Santurtzi, Gorliz, Plentzia eta Lezamako trenbide zaharreko bidea.

Jardun eremua antolatuta dago halako moldez non kaleek aldats leun bat duten, eta, aldiz, Plentzia eta Tutulu kaleetan, aldatsak oso handiak dira, leku batzuetan are % 21 edo % 27ko malda ere badago. Are eta gehiago, San Balentin Berriotxoa kalea arrapalek edo eskailerek eratzen dute, magalaren aldatsa oso handia da-eta.

Zehazki, bi igogailu ipiniko dira: haietako batek Gorliz eta Plentzia kaleak lotuko ditu, eta besteak Plentzia eta Lezamako trenbidez zaharreko bideak. Lehenak 5 metroko ibilbidea izango du, eta bigarrenak 6 metroko desnibela gaindituko du, zortzi metro luzeko zaldain batera emanez. Kabina horietako bakoitzean 13 pertsona sartzen dira.

Gainera, arrapalak ere ipiniko dira auzoko gune batzuen eta besteen artean konexio irisgarriak ezartzeko, une honetan eskaileren bidez edo oso malda handiko arrapalen bidez lotzen dira-eta. Hurrengo lau jardunetan, xedea da ibilbide irisgarriak egitea auzoaren inguru horietara:

  • Arrapala bat ezarriko da sarbide gisa San Balentin Berriotxoaren 15. zenbakian.
  • Arrapala bat sortuko da sarbide gisa Bakio kalearen 9. zenbakian.
  • Beste arrapala bat Plentzia-Gorliz kantoian.
  • Arrapalak ezarriko dira sarbide gisa Tutulu kalearen 20. zenbakira eta Gorliz kalearen 15. zenbakira.

Beste alde batetik, urbanizatu egingo da kota berean oinezkoen eta ibilgailuen trafikoa, oinezkoek izango dutelarik lehentasuna, puntu hauetan:

  • Trafiko partekatuko gune bat Tutulu kalearen 18. zenbakian.
  • Trafiko partekatuko gune bat Gorliz eta Santurtzi kaleen artean.

Aste honetan hasitako obrek 9 hilabete iraungo dute, eta 1.735.000 euroko aurrekontua izango dute.