Barkazioaz

18.10.2020 | 01:24
Barkazioaz

eman beharreko lehenengo pausoa onartzearena omen da. Hala esan digute behintzat bizitza osoan zehar. Telebistan ikusten ditugun telesailetan ere, baten batek edanarekin arazoak baldin baditu, lehenengo gauza plastikozko eserlekuan jarri eta bere burua eta arazoa aurkeztea izaten dira. Onartzea alegia, baina kasu zehatz horretan, laguntza behar duela. Testuinguru desberdinetan eman daiteke. Posible da batek akats bat egin, eta segidan ez duela ondo jokatu onartzea edo baita ezer txarrik egin ez, baina bakeagatik onartzea ere, zirimola handitu ez dadin. Printzipioz onartzeak beraz ez du ezer txarrik ekartzen, eta egoera hobetzen lagun dezake gehienetan.

Beste gauza bat da ordea, eta hemen legeei buruz asko dakitenek lagundu beharko naute, norbaitek delituren bat egin, eta epaile aurrean jar-tzerakoan errua onartzea. Honek ere ez luke ezer txarrik ekarriko noski, baina onura nabarmena ekar dezake zenbaitetan. Behin baino gehiagotan ikusi dugu egia aitortze horrek zigorra arintzea dakarrela. Hollywooden gertatzen da eta gure inguruko auzitegietan ere bai. Gipuzkoan bertan, aste honetan, futbolarekin zerikusi gutxi zuen auzi batean. Badirudi baieste hutsak egindakoa arintzen duela, eta eskupeko batekin baldin badator, are arinago. Ni izan naiz, barkatu, tori propina pixka bat. Oraingoan ere pobreek erru gehiago dute jaiotzez, antzinako erregimenean bageunde bezala.

Onarpen eta eskupekoez gain, bada beste babes neurri bat, apur bat ohikoagoa bada ere, sozialki onarpen handikoa. Barkamena eskatzearena. Merkatuko azken orduko pagotxa baino merkeago saltzen den prozesua da hau. Erabiltzen duenak pentsatu ohi du hitz magikoa esan eta erruz garbitzen dela, gainetik pisu ederra kentzen duela eta ia-ia kaltetuari mina ere arindu diola, zenbait kasutan. Moralaren detergente gisa funtzionatzen du.

Gogoratuko duzue Espainiako errege zenak, eta orain iheslari bihurtu den gizon horrek berak, behin hartan erabili zuela. Eta ordutik, babes antinuklearra bailitzan, bizitza guztirako balioko ziolakoan, ez zaio okurritu berriz erabiltzea sikiera. Hauei ere jaiotzez datorkie errugabetasunaren pribilegioa. Antzinako erregimenetik hainbeste urrundu ez garenaren seinale asko ari naiz jasotzen denbora tarte txikian.

Bastillarako bidea nondik den galdetuko nuke orain, eta berau hartuta, Frantziako Iraultzaren indarra erabili erregimen zaharkitu bezain ulertezin honekin amaitu eta gauza pare bat aldatzeko. Beti izango nuke gainera azkeneko kartutxo horren aukera, eta Voltaire eta Sadeko markesak partekatu zuten patua neroni egokituz gero, onartu, barkamena eskatu eta diruz leundu. Tira, agian azkenekotik ezingo nuke gehiegi arindu, baina borondate ona jarrita ere asmoak zuritzen ditugunez, ez dut intentzio txarrik azaldu, eta gaizki esandakoak barkatu.