BILBO. Bilboko Udalak argiz eta kolorez beteko ditu Deustu auzoko gauak gaur, hilak 8, eta bihar, #BilbaoUdazkena2020 kultur ekimenaren bitartez. Bi egun hauetan lau ikuskizun eskainiko diram San Pedro plazako kioskoan, Zubian eta Pilotalekuan egingo direnak.

Udalak jakitera eman du ez dela beharrezkoa izango sarrera ekitaldi horietara sartzeko, aire zabalean izango direnez gero. Ohartarazi du, ordea, nahitaezkoa dela higiene eta osasun arauak betetzea eta bai ere segurtasun arauak, eta gomendatu du saihestea pertsona elkarretaratze eta pilatzeak.

Beste alde batetik, gainera, Udalak eskertu egin die Bilboko ikusleei joan den asteburuan emandako harrera, alegia, urriaren 2an eta 3an, uriko gune batzuk eta besteak musikazko, argiztapen artistikozko eta antzerki-lanezko proposamenez bete direlarik. "Eguraldia eta euria gorabehera, joan den asteburuan, Bilboko jendeak berriro erantzun du; hala alderdi artistikotik nola bertaratu den jende kopuruagatik eta herritarrek arauak betetzeagatik, harrera bikaina izan dela uste dugu", nabarmendu dute.

Udazken honetarako kultur eskaintza, Bizkaiko hiriburuan, oso bertakoa da tankeraz, eta Euskal Herriko sortzaileak, artistak eta hornitzaileak izan dira gailen. Udalak lanean jarraituko du, "#BilbaoAurrera" planean azaldutako ildotik, covid-19 pandemiaren ondorioak arintzearren, eta, hala, eraginik latzena jaso duten sektoreei eta kolektiboei laguntzearren.

IKUSKIZUNAK

Kolorezko kimuak, San Pedro plazako kioskoan

Lanpara estanpatuen dozenaka tulipa "made in Bilbao" ezarriko dira Deustuko San Pedro plazako kioskoaren barrualdean.

  • Ordutegia: 20.30:00-22.30:00.

Pilota dantzan, San Pedro plazako pilotalekuan

Instalazio horretan, bat egingo dute tradizioak, kirolak eta kulturak, musikaren eta dantzaren bidez. Pilotarien errituala antzeztuko da jokalekuan bertan: janzkera, agurra, sakea, errestoa, abiadura, arintasuna, ahalegina, eskuetako mina, ikusleen marmarra.

  • Emanaldiak: Urriaren 8an: 21:00-21:00-21:30 eta 22:00ak. | Urriaren 9an: 20:30-21:00-21:00-21:30 eta 22:00ak.

Urontziak, Deustuko zubian

Deustuko zubia pantaila handi-handi bat bihurtuko da, arrainak ere barruan igerian dabiltzala emango duelarik.

  • Ordutegia: 20.30:00-22.30:00.

Itsasargiak, Abandoibarran

Gainera, egunokaz, ostera ere argiztatuko dira kolorezko iragazkiekin Abandoibarreko kale-argiak, itsasargiak bailiran.

  • Ordutegia: 20.30:00-22.30:00.

#BILBAOUDAZKENA2020

Bilboko Udalak aurrera jarraitzen du kultura-sektoreari laguntzeko apustuarekin, covid-19 delakoaren pandemiak eragin duen lanbideetako bat baita, eta #BilbaoUdazkena2020 ekimena aktibatu du, udagoien honetan auzoetan barreiatuta eskainiko diren aisia- eta kultura-proposamenarekin. Hilabete hauetan, tokiko konpainia eta artistek auzoak dinamizatuko dituzte kalitatezko kulturarekin: musika, zinema, antzerkia, dantza, magia eta literatura, besteak beste.

#BilbaoUdazkena2020 garatzeko, osasun-agintariek unean-unean ezarritako segurtasun-protokolo guztiak jarraituko dira, eta zorrotz aplikatuko dira gomendioak, dela kultura- eta jai-ekitaldiak egiteari, osasun publikoa bermatzeko beharrezkoak diren mugei eta espazio publikoan aire zabaleko jarduerak nahiz ekitaldi jendetsuak egiteko pertsona kopuruari dagokienez Hori guztia, kultur eragileek eta ekitaldi guztietako ikus-entzuleen segurtasuna bermatzeko asmoarekin.