BILBO. Bilboko Udalak, aurten ere, euskara-ikastaroak eskainiko ditu Biribilko programaren barruan, uriko merkatarien artean euskararen erabilera sustatzeko.

Aurreko edizioetan legez, ekimen hau HABErekin, euskaltegi homologatuekin eta BilbaoDendak-ekin elkarlanean garatuko da, bai eta uriko merkatarien elkarteekin ere.

Koldo Narbaiza Euskara eta Hezkuntza Saileko zinegotziak eta Rafael Gardeazabal Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko BilbaoDendak Plataformako presidenteak Biribilkoren edizio berria aurkeztu dute gaur goizean, Bilboko Udaletxean. Euskararen erabilera esparru guztietan, baita merkataritzakoan ere, sustatzeko Udalaren konpromisoa azpimarratu nahi izan du Narbaizak, adieraziz "bezero euskaldunei eskaintzen zaien zerbitzu komertziala hobetu nahi da, erosketak egitea atseginago izan dadin, bertokoekin hurbiltasuna eta inplikazioa erakutsiz, zerbitzuaren kalitatea hobetuz, eta euskara erosleak erakartzeko eta fidelizatzeko faktore bihurtuz".

Bestalde, Gardeazabalek Biribilko udal programa bere sektorearentzako estrategikotzat jo du, "gure saltokiek bezeroekin duten komunikazioa hobetzeko eta, gainera, gero eta saltoki euskaldunagoak izateko aukera ematen duelako, eta horrek zerbitzu hobea ematen du"'.

Biribilko programan aurreko urteetako eskaintzari eutsi dio eta aukera bi ematen dizkie merkatariei:

  • Euskara komertzialeko oinarrizko ikastaroa: Bilboko merkatarientzat eta haietan lan egiten dutenentzat, euskaraz jakin ez edo oso gutxi dakitenean. Helburua da ahozko oinarrizko komunikazioa lantzea, merkataritzan ohikoak diren egoeretan hizkuntza-arloko irizpideak ematea.
  • Euskara komertziala hobetzeko ikastaroa: Bilboko merkatarientzat eta haietan lan egiten dutenentzat, euskaraz zertxobait dakitenean. Honako honetan, helburua da merkataritzaren arloan erabiltzen den euskara -ahozkoa zein idatzia- hobetzea.

Ikastaro mota biek 90 orduko iraupena dute: astean egun bi, 2020ko urritik 2021eko ekainera, 08:00etatik 09:30era edo 14:15etik 15:45era. Biribilko programako ikastaroek Bilboko Udalaren eta HABEren dirulaguntza dute eta 90 euroko kostua dute. Euskaltegi hauetan emango dira:

  • Bilbo Zaharra. Posta kalea, 8
  • Gabriel Aresti. Done Bikandi, 2
  • Indautxuko AEK. Urkixo Zumarkalea, 88
  • Juan Mateo Zabala. Gordoniz kalea, 22
  • Matxintxu AEK. Ramón y Cajal etorbidea, 8
  • Lizardi AEK. Txakur kalea, 1
  • Santutxuko AEK. Arbidea kalea, 21
  • Ulibarri Euskaltegia. Gardoki kalea, 3

Eskoletara modu erregularrean joaten direnek (eskola-orduen % 75 egin behar dute, gutxienez) Biribilkoren 2020-2021 urteko ziurtagiri pertsonala jasoko dute. Gainera, nahi dutenei, merkataritza-arloko hiztegiak (gaztelania-euskara), jarduera-adar batzuetakoak, emango zaizkie dohainik saltokietan erabiltzen diren berbekin eta esamoldeekin. Era berean, saltokietan izaera publikoko merkataritza-arloko testuak (kartelak) gaztelaniatik euskarara itzultzeko doako zerbitzua.

Bestalde, bezeroak euskaraz atenditu nahi eta hartarako gaitasuna duten establezimenduek bat egin dezakete Euskararen Txanda ekimenarekin. Horretarako, euren datuak eman dituzte Biribilkoren web-orriaren bidez edota 688 739 015 telefonora deituta. Ondoren, bereizgarria emango zaie bezeroek saltoki euskalduna dela jakin dezaten eta haietan euskaraz egin dezakeela jakin dezaten.

1.700 PERTSONA BAINO GEHIAGO MATRIKULATUTA 11 URTETAN

Biribilko programa 2009an jaio zen eta harrezkero Bilboko merkataritzaren esparruan diharduten 1.731 pertsona matrikulatu dira.

Iazko edizioan, 2019-2020an, 165 pertsona izan ziren: % 77 emakumeak eta % 23 gizonezkoak. Batez besteko adina: 46 urte.

Ikastaroa egin zuten pertsonen % 30 zerbitzu pertsonalen jarduerakoak (ile-apaindegiak, gimnasioak, bidaia-agentziak) izan ziren; % 14 arropa, oinetako eta osagarrien jarduerakoak; eta %11 bestelako produktuak saltzen dituzten saltokietakoak (jostailu-dendak, loradendak, bitxi-dendak). Gainerakoak bestelakoetan sartzen dira (elikagaiak, drogeriak, botikak, altzariak eta etxerako produktuak€).

Azken edizioko ikastaroetan ibili ziren ikasleek, 0 eta 10 arteko eskala batean, 7,8 puntu eman zuten.

Ikastaro hauetan parte hartu duten pertsona gehienen ustez euskaraz hitz egiteak asko laguntzen dio negozioari errentagarriagoa izaten, bezeroak erakartzeko eta fidelizatzeko eta kalitate handiagoko zerbitzua emateko baliagarria delako; izan ere, horrela bezeroarenganako hurbiltasuna eta honen asebetetze-maila handiagoak dira. Gainera, saltokietan euskara erabiltzea modernizazio, prestigio eta erakargarritasunarekin uztartzen dute.

Ikastaroak urrian hasteko eta eskolak presentzialak izateko asmoa dago, ikasteko modurik eraginkorrena horixe da-eta; hala ere, osasun-egoeraren arabera, ikastaroak beste era batera antolatu eta gauzatu ahal izango dira.

BILBAODENDAK ELKARTEA, EUSKARA BULTZATZEN

Biribilko programa sustatu eta zabaltzeaz gain, BilbaoDendak elkarteak hainbat ekintza egiten ditu Bilboko merkataritzan euskararen erabilera bultzatzeko. Azpimarratzekoa da, Bilboko merkataritzak hainbat arlotan egiten duen lana aintzatesteko, duela 13 urtez geroztik antolatzen duen Merkataritza Sarien Gala, arlo horietako bat euskara delarik. 2019an, Mongolia arropa-dendari eman zion Euskara Sustatzeko Konpromisoaren Saria. Denda horren ezaugarria da jantziak konbinatzeko eta look-ak nortasun bereziarekin sortzeko erabiltzen duen modu bitxia, artistei ikusgarritasuna emateko erakusketa-eremua eskaintzeaz gain.

Era berean, BilbaoDendak elkarteak "Hemengo Shopping ibilbide gidatuak" ere antolatzen ditu tokiko merkataritzaren alde, eta arreta berezia ematen die bezeroekiko harremanak euskaraz egitearen aldeko ekimenei; urterik urte, babesa ematen dio Euskaraldiari, eta euskara egun-egunero erabiltzen du argitalpenetan, mezu elektronikoetan, webgunean, sare sozialetan nahiz publizitate-kanpaina guztietan.